Itzulpen automatikoa / Machine translation

Gazteentzat aisialdi eredu berri bat eraikitzeko Hedatze proiektuak pauso berri bat emango du

2023/04/20
Gazteentzat aisialdi eredu berri bat eraikitzeko Hedatze proiektuak pauso berri bat emango du

Ikastetxeak, gurasoak, gazteak, herriko hainbat elkarte eta udalak atzo Hedatze proiektuaren inguruan orain arte egindakoa, proiektuaren oinarriak eta aurrera begirakoak aurkeztu zituzten. Gazteen nahi eta beharretatik abiatutako bestelako aisialdi eredu bat eraikitzeko helburuz, orain artean, ikastetxeetan hainbat ikastaro eta errefortzu tailerrak eskaini dituzte. Maiatzean, herrira salto egin eta denek elkarrekin egiteko 10 ikastaro eskainiko dira. Tailer horiek herriko hainbat taldek eskainiko dizkieta, gainera.


 

2020an, pandemia tarteko, herriko ikastetxe ezberdinetako gurasoak zituzten kezken inguruan hitz egiteko biltzen hasi ziren elkarlanean zerbait egiteko asmoz. Seme-alaben jokamolde aldaketa eta beren arteko harremanen galera, teknologia berrietatik jasotzen dituzten ezagutzen inguruko kezka zein kontrol falta eta hizkuntza ohituren aldaketez arduratuta zeuden, eta udalera jo zuten.

Kezkak kontrastatzeko helburuz, udalaren Gazteria Sailaren bitartez, DBH 1etik gorako ikasleen artean galdeketa egin zen eta usteaz baieztatu zituzten. Ordutik, etengabeko lanketan ari dira, eta hainbat ekintza egin dira. Hizkuntza ohitura aldaketa ekiditeko, UEMArekin elkarlanean Hedatu proiektua martxan jarri da ikastetxe guztietan. Horretarako, dagokion irakasleek formazioa jaso zuten eta 3-18 urte bitarteko ikasle guztiekin lantzen da gaia. Hurrengo urratsa eskolaz kanpoko kirol eta aisialdiko begiraleen bidez berbera egitea da. Eta 2022ko ekaineko lehenengo hamabostaldian lehenengo zaletasun tailerrak antolatu ziren, DBH1etik gorako ikasleei bideratuta, herriko eragileen eskutik: serigrafia tailerra, dantza ikastaroa, herri kirolak era ibai garbiketa, besteak beste.
Lehenengo saiakera horren ondoren, irailetik Hedatze proiektuaren baitan egin dira lankera desberdinak.

Lanketa guzti honen oinarrian hiru ardatz zehaztuta dituzte:


1- Aniztasuna oinarri hartuta, zaletasun eta hartu-eman zuzeneko aisialdia indartu beharra
2- Aisialdi eredu berri bat herri gisa eraikitzen hasteko beharra ikastetxeak, udala eta herriko eragileen artean.
3- Hizkuntza ohituren aldaketa arriskuaren aurrean ahalduntzea indartzea eskola ordu zein kanpo jardueretan.

Irailetik abian ikastetxeetan
Irailean aurkeztu zuten Azpeitiko udalak eta herriko ikastetxeetako arduradunek DBH maila guztietako ikasleei zuzenduriko Hedatze programa. Honen bidez, ikastetxeei irakastorduak eta irakastorduak ez diren une hezitzaileak uztartzeko aukera zabaltzen da. Eta badu beste indargune bat ere, errefortzu tailerrak.

Irailetik orain artean, ikastetxe bakoitzak bere tailer propioak egin ditu eta maiatzean, udalaren laguntzaz herriko ikastetxeetako ikasleek elkarrekin tailer ezberdinez gozatzeko aukera ere izango dute. Ikastaro horietan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko.

Tailerrak herriko DBH1etik gorako ikasle guztiei zuzenduta daude eta ikastetxe guztietako ikasleek batera egingo dituzte; doakoak eta borondatezkoak izango dira; zaletasun tailerretan eragile desberdinen eta gurasoen inplikazioa bilatu da; udalak zenbait tailer antolatu ditu eta baliabideak ipini, tailerrak indartzeko; tailer guztiak ikastetxeko eraikinetatik kanpo antolatuko dira, herriko azpiegitura ezberdinak erabiliz eta helburua ez da ikasleak arratsaldeak okupatuta izatea. “Helburua ikasleek beraien behar eta zaletasunei bide ematea da. Ikasleen jakinmina piztu nahi da, tailerretatik abiatuta beraien gustuko diren ekintzak ezagutzeko, eta etorkizunean beraien kabuz, autoantolatuta, aurrera eramateko gai izan daitezen”, azaldu dute

 

Maiatzean elkarrekin
Tailer hauen helburua aisialdi eredu berri bat eraikitzea da, eta, horretarako, ezinbesteko ikusten dute “ikasleak erdigunean jartzea, beraiei hitza ematea eta beraien nahi eta beharrak ezagutzea”. Maiatzerako ikasle guztiak batera parte hartzeko eukera izango duten honako 10 tailer antolatu dituzte:

• Eskalada
• Kirola
• Irakurzaletasuna
• Bizikleta mantenua
• Lehen sorospenak
• Elkarguneko denda
• Altzari konponketa
• Autodefentsa ziber feminista
• Sukaldaritza
• Arkeologia