Itzulpen automatikoa / Machine translation

Gimnasioa berritu du udalak Karmelo Etxegarai Ikastolan

2023/05/02
Gimnasioa berritu du udalak Karmelo Etxegarai Ikastolan

Urtearen hasieran ekin zitzaien Karmelo Etxegarai Ikastolak Perdillegin duen eraikineko gimnasioa berritzeari. Lanak bukatuta, Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga hezkuntza zinegotzia Mikel Olaizola ikastetxeko zuzendariarekin batera obren emaitza ikusten izan dira.


Azpeitiko Udalak eta Karmelo Etxegarai Ikastolak duten elkarlanaren baitan, ikastetxeko azpiegituren mantenu eta berrikuntzetarako proiektuak zehaztu eta aurrera eramaten dituzte. Horren baitan, azken hilabeteotan ikastetxeak Perdillegin duen eraikinaren gimnasioa berritu du udalak. Urtarrilean hasi zituzten obrak eta Aste Santutik bueltan haur eta gaztetxoek ariketa fisikoa egiteko gunea berrituta eta erabilgarri dute. Hala, ikasleek eremu berritua ezagutzeko eta gozatzeko ate irekiak egin zituzten eta antolatutako jokuekin gozatzeko aukera izan zuten.


Obra horien bidez, gelaren isolamendu energetikoa eta akustikoa hobetu dira, argiteriaren instalazio osoa berritu da, lurra aldatu eta aireztapena ezarri da. Lanak, Construcciones Urbitarte S.A enpresak egin ditu eta berritze lanetarako 235.403,01€ inbertituko ditu udalak.

Nagore Alkorta alkateak hezkuntza publikoan egiten duten lana eskertu eta txalotu nahi izan du: “Dugun elkarlanaren bidez, azpiegiturak berritzen eta egokitzen ari gara azken urteotan. Horrek ikasleengan eragin zuzena du; eskaintzen diren azpiegiturak egokiagoak direlako urtez urte. Aurrera begira baditugu proiektu gehiago eta horiei ere heltzen joango gara”.

“Denbora luzez itxaroten egon garen eguna irtsi da, abendutik obretan izan dugun gimnasio eraberritua ikusi eta erabiltzeko aukera dugu. Obra luzea eta sakona izan da, baina emaitzak pena merezi izan du. Ikasleak irrikitan zeuden, egindako aldaketak ikusi eta beren egunerokotasunean gimnasioa erabiltzeko”, adierazi du Mikel Olaizola ikastetxeko zuzendariak. Azpiegitura berriaz gain, material ugari eta anitzez hornitu dela gimnasioa azaldu du eta “orain erabilera egokia egitea eta materialak ondo zaintzea” dagokiela azpimarratu du. “Prozesua luzea izan den arren eta burukomin asko eman dizkigun arren, gustora gaude. Eskerrak eman nahi genizkioke Azpeitiko Udalari Karmelo Etxegarai ikastolako eskaerei prestutasunez erantzuteagatik, azken ikasturte hauetan, elkarlanean gabiltza eta pixkanaka azpiegitura ezberdinak berritzen gabiltza, jarraitu dezagun bide horretatik”.

 

Jolaslekua eraldatzeko bidean

Aurrera begirako proiektuen artean, Karmelo Etxegarairen Euskalerriako eraikinaren pation eskuhartzeko proiektua dagoeneko adostua dute bi erakundeek, eta obren exekuzio proiektua bukatzen ari dira. Proiektu horren asmoa jolaslekua irisgarriagoa egitea, gaur egun ikastetxeak dituen beharretara egokitzea eta aterpea egitea dira, besteak beste.

WhatsApp Image 2023 04 21 at 15.50.27