Goenan zuhaitzak landatuz ospatuko da Zuhaitz Eguna, igandean
2019/01/30
Datorren igandean, otsailaren 3an, izango da Zuhaitz Eguna. Aurten, Goenan landatuko dituzte zuhaitzak. Hitzordua 10:30ean izango da Goenako karpan eta 75 zuhaitz landatuko dituzte. Zuhaitzak landatu ostean, hamaiketakoa ere izango da bertan.
Udalak eta Ekoetxeak elkarlanean antolatutako egunean, herriko ikastetxeek, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Baigerak eta aurten lehen aldiz Lagun Onak Futbol Elkarteak hartuko dute parte.
“Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, familian zein lagun artean goizaz gozatzeko”, adierazi du Aitor Bereziartuak, Ingurumen zinegotziak. Aurten, azken urteotako parte hartzaileei Lagun Onak Futbol Taldea batu zaie. 75 urte betetzen ditu elkarteak eta herriko beste eragileen ekintzetan parte hartzeko asmoa azaldu zieten Zuhaitz Eguneko antolatzaileei: "75 urte betetzen dituzte, eta 75 zuhaitz landatuko ditugu Goenan", zehaztu du Bereziartuak.
Parte hartzaileak bi ordu inguru arituko dira zuhaitzak landatzen eta hamaiketakoa egiteko tartea ere hartuko dute.
Berdeguneak balioan jarriz
Zuhaitz Eguna "forma hartzen ari da" sustatzaileen hitzetan, eta urtez urte geroz eta jende gehiagok hartzen du parte egitasmoan. Udalak herritarrak berdeguneen balioaz sentsibilizatzeko bidean, Zuhaitz Eguna urrats bat gehiago da, eta ingurumenaren zaintzan herritarrak subjektu aktibo izatea du helburu: “3-4 urtean urteotan 350 zuhaitzetik gora landatu ditu Udalak herriko txoko desberdinetan. Horretaz gain, ordea, berdeguneak berreskuratzeko ahalegina ere egin du: "Izarraizko Atea Parkea zelai bat izatetik berdegune publiko bat izateko bidea egin genuen, eta orain, pixkanaka Goena berreskuratzeko lanean ari gara. Berdegune bilakatu dugu, eta igandean zuhaitzak landatuko ditugu. Berdeguneak herritarron bizi kalitatean eragiten dute. Ezinbesteko funtzioa dute, eta guk horien garrantzia balioan jarri nahi dugu, zainduz zein Zuhaitz Eguna bezalako ekimenak eginez”, bukatu du.
