Itzulpen automatikoa / Machine translation

Gustu guztiak asetzeko moduko Gabonak

2024/12/16
Gustu guztiak asetzeko moduko Gabonak

Bete-beteko egitaraua prestatu dute udalak eta herriko eragileek Gabonetarako. Egun bereziak izaten dira gaztetxoentzat, eta antolatuko diren jardueren bidez, are bereziagoak izateko ahalegina egingo da. Gustu guztiak asetzeko moduko proposamenak daude egitarauan: Gazteria Sailak antolatzen dituen ekintza bereziez gain, zinema, kirol jarduerak, eskulanak, familian egiteko ekintzak, Trukegunea, gabonetako haur parkea eta abar izango dira aukeran.


gabonak24

Gaur goizean egin dute egitarauaren aurkezpena udal zinegotzi eta teknikariek eta Bertan eta Kulturaz elkarteetako kideek. Hain zuzen ere, elkarlan horren garrantzia nabarmendu du Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak. “Urtez urte, gero eta indar handiagoa hartzen ari da Gabonetako eskaintza, eta eskertzekoa da herriko eragileek eskaintza hori aurrera ateratzeko egiten duten ahalegina”.

Aurtengo berrikuntza nagusia izotz pista izango da. Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra egongo da irekita, Frontoi Txiki ondoan, Bertan Merkatarien Elkarteak sustatuta. 11:30-13:30 eta 16:00-20:00 ordutegia izango du. Hogei minutuko txandak 3 euroko prezioa izango du, eta patinak ere prezioan sartuko dira (behar bereziak dituztenentzako ere egongo dira). 10x16 metroko azalera izango du izotz pistak, eta herritar guztiei izango dute patinatzeko aukera.

Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera eta Errege Magoen kabalkada

Eskaintza guztiaren barruan, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege Magoen kabalkada izaten dira haurrei ikusminik handiena pizten dieten ekitaldiak, eta aurten ere ez dute hutsik egingo.

Abenduaren 24an (asteartea), kalejira batekin egingo zaie ongietorria Olentzerori eta Mari Domingiri. 12:30etan hasiko da, San Martin egoitzatik, eta ttuntturroek, txistulariek, musika eskolako soinujoleek, Itsasiko dantzariek eta hiru ikastetxeetako haurrek parte hartuko dute. Gurdian eserita joango dira Olentzero eta Mari Domingi, eta haien alboetan argitxo gaztetxoak kandilekin, ikazkinak eta bi asto opariz bete-beteta. 13:00etan, plazan elkartuko dira guztiak.

Errege Magoen kabalkadaren bezperan, urtarrilaren 4an (larunbata), erregeen pajeak udaletxe azpian egongo dira, 17:30etik aurrera, haurren eskutitzak jasotzeko. Urtarrilaren 5ean (igandea) Errege Magoak Lasaora iritsiko dira, 16:30 aldera. Hango umeak agurtu, eta txu-txu trena hartuko dute, eta 17:15 aldera iritsiko dira parrokiara. Haurrei lehen agurra egin ostean, 19:00etan abiatuko dute kabalkada igerilekutik. Urtero bezala, beren ibilbide guztian zehar, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira.

IKUSI EGITARAU OSOA