Hasi irudimenari eragiten, badatoz karnabalak!
2025/02/18
Mozorroa aukeratu eta inguratu. Txikiteo Eleganteko trajea behar den bezala dagoen begiratu. Kaldereroetako zartagin, txapel eta diademak non dauden gordeta gogoratu. Artzain edo inudeen jantziak probatu. Lantzeko Zortzikoa entseatu. Honezkero karnabaletarako prestatzen hasita daude herritarrak, izan ere, larunbat honetan bertan izango da lehen ekitaldia: kalez kale ibiliko dira kaldereroak, 19:00etatik aurrera.
Karnabalen barruan, egun bakoitzak xarma berezi bat duela esan du Nagore Alkorta alkateak. “Festa berberaren parte izan arren, elkarrengandik oso ezberdinak dira Astelehen Karnabala, Elegante Eguna, kaldereroak edo euskal inauterietako jaialdia. Bakoitzak du bere ukituta, eta nik uste horren egiten dituela hain eder festa hauek”.
Azken urteotan, Astelehen Karnabalak indar handia hartu duela gehitu du. “Ikaragarria da jendeak zenbateko irudimena duen eta mozorroak prestatzeko zenbateko lana hartzen duen”. Karnabalak “alaitasuna, umore ona, kolorea, musika…” direla azpimarratu du. “Ea denok ere ondo pasatzeko jarrera horrekin ateratzen garen kalera, eta giro eder bat sortzen dugun”.
Era berean, herritarrek jaiez gozatzeko parte hartzen duten herriko talde, eragile eta abarrez gogoratu nahi izan du alkateak.
Egitarau zabala
Mikel Odriozola Festa batzordeburuak azaldu du ahalik eta eskaintzarik zabalena prestatzen saiatu dela udala, adin eta gustu guztietako herritarrengana iritsi ahal izateko. Aurtengo berrikuntzetako bat izango da, Elegante Egunean (martxoak 2), 16:00etatik aurrera, DJ La Fulanaren emanaldia egongo dela Azoka Plazan, Astindu armayuek lelopean. Hain zuzen, udalaren ekimenez aurten egindako LGTBI diagnostikoan aipatu den beharretako bat izan da.
“Azken hilabeteotan LGTBI topalekuan bildu diren dozenaka herritarrekin elkarlanean antolatutako gunea izango da, eta, azoka plaza dantzaleku bilakatzeaz gain, festetan LGTBI errealitateen presentzia ikusaraztea izango du helburu festarako gure horrek”.
Astelehen Karnabalean, berriz, 22:00etatik 23:00etara bitartean, eten egingo da plazako musika. Tarte horretan, plazara joaten direnek beren mozorroak eta prestatu duten ikuskizuna jendeari erakusteko aukera izango dute.
Sari banaketa 23:30ean egingo da. Aurten, gainera, zertxobait handiagoak izango dira taldekako sariak: 900 euro jasoko ditu talde irabazleak; 750 euro bigarren egiten duenak; 550 hirugarrenak; eta 350 laugarrenak. Banakakoetan hiru sari banatuko dira: 200 euro irabazlearentzat, 150 euro bigarrenarentzat eta 100 euro hirugarrenarentzat.
Elegante Eguna eta Astelehen Karnabala izaten dira festetako egun nagusiak, baina bi egun horietatik aparte ere ekitaldi ugari izaten da Azpeitian. “Larunbat honetatatik hasi eta Astearte Karnabalean suzko zezena amaitzen den arte, aspertzeko denbora gutxi izango dugu Azpeitian”, adierazi du Odriozolak.
Puntu morea
Urtero bezala, indarkeria matxistarik gabeko gunea ere jarriko da Plaza Txikian. Haren helburua da herritarrak, oro har, indarkeria matxistaz kontzientziatzea. Bertan bi formatzaile egongo dira emakumeek, LGTBI+ pertsonek eta bereziki gazteek jaietan indarkeria matxistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeko, baita babes zein elkartasuna adierazteko ere. Indarkeriari aurre egiteko bitartekoak zein gidak ere eskainiko dituzte.
Elegante Egunean, 12:30etik 15:30era eta 20:00etatik 00:00etara jarriko dute gunea, eta Astelehen Karnabalean, 12:00etatik 15:00etara eta 22:00etatik 03:00etara.
Indarkeria matxistak festetan hartzen dituen formak herriratzeko asmoz, Danak eo inorrez. Danona da festie. Danona da ardurie kanpainaren barruan, karnabalen bueltan ere lanketa zehatza egin du udalak Emakumeen Mahaiarekin elkarlanean. “Oro har festa guztietan, baina karnabaletan bereziki, denak balio du jarrera ohikoa izaten da; maskaren eta mozorroen atzean ideia hori indartu egiten da, eta barneratuta ditugun genero rolak eta arauak esplizitatu egiten dira”, esan du Miren Arrieta Parekidetasuna batzordeburuak.
Ohikoa izaten da gizonak emakumez jantzita ikustea titi handiekin, gona motzekin eta jarrera femeninoak performatuz. “Badirudi, feminitatearekin jolastea libre dela inauterietan; aldiz, gainontzeko egunetan euren feminitatea adierazten duten gizonak erabat epaituak izaten dira”, gaineratu du Arrietak. Ideia hori lantzeko asmoz bi lelok hartuko dituzte kaleak egun horietan: Karnabalak pasautekuene jolastu leikek hire feminitatiekin izango da horietako bat eta Karnabalak pasautakuen zeba molestatzeik beste gizonon feminitatiek? bestea.
