Itzulpen automatikoa / Machine translation

Haurren eta nerabeen kontrako sexu indarkeriak salatu ahal izateko telefono zenbaki bat eta email bat jarri ditu udalak

2024/11/19
Haurren eta nerabeen kontrako sexu indarkeriak salatu ahal izateko telefono zenbaki bat eta email bat jarri ditu udalak

Haurren eskubideekin lotutako bi egun garrantzitsu ditugu aste honetan: Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Erasoen Prebentziorako Nazioarteko Eguna, gaur, azaroaren 19an, eta Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna, bihar, azaroaren 20an. Azpeitiko Udalak, bi egunak uztartuz, aurten arreta berezia jarri nahi dio haur eta nerabeen kontrako sexu erasoen prebentzioari eta kasu horien esku-hartzeari.


Haurren kontrako sexu-indarkeria indarkeria matxistaren aurpegi gogorrenetakoa da, eta maiz isilean gelditzen da; gure herrian ere, izan ditugu halako kasuak eta baditugu gaur egun. Hori dela eta, halako kasuen aurkako gure gaitzespenik gogorrena adierazteaz gain, udalak ozen adierazi nahi du Azpeitiak ez duela inolako haurren kontrako indarkeriarik onartzen.

Halako kasuak errotuta daude gure inguruan, eta sarri horrek zailtzen du detekzioa eta erantzuna. Oso gogorra egiten zaigu gure inguru hurbileko norbaitek halakorik egin dezakeenik pentsatzea, baina ezinbestekoa da ohartzea indarkeria matxistak modu eta forma asko dituela eta arazo estrukturala dela. Horregatik, herriko esparru eta gune ezberdinetan lanean jarraitu behar dugu indarkeria zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte.

Save the Childrenen datuen arabera, 5 umetik batek sexu erasoak jasan ditu. Zehaztasunera eramanda, 4 neskatotik batek eta 7 mutikotik 1ek. Arazoa oso larria da. Gogorra egiten zaigu honi buruz hitz egitea, baita horretan pentsatze hutsa ere, baina guztiz beharrezkoa da gaia azalaraztea.

Komunikabideetan haur eta nerabeen kontrako sexu erasoen albisteak entzuten ditugunean, erasoa egin duena beti familiaz kanpokoa izaten da, adibidez, entrenatzaileak, abadeak, irakasleak, eta abar. Hori errealitatearen zati txiki bat besterik ez da; izan ere, ematen diren erasoen %80-85 familia barruan ematen diren sexu abusuak dira. Tamalez, horien %15 azaleratzen da bakarrik. Gainera, normalean, urte asko igarotzen dira pertsona batek haurtzaroan sexu-abusuak jasan zituela onartu arte, biktimarentzat prozesu mingarria izaten baita abusu horiek jasan izana onartzea.

Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du, berdintasunaren oinarriak eta haurren babesa auzitan jartzen dituen arazo sozial larri horren aurrean irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean. Hori dela eta, sexu-indarkeriaren aurkako prebentzio, sentsibilizazio, identifikazio eta erreparazioan lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu.

Ildo horretan, aurten, haurren eta nerabeen kontrako sexu indarkeriak salatu ahal izateko telefono zenbaki bat (688758299) eta email bat jarri ditu (testigantza@azpeitia.eus) herritarren eskura, eta herritarrak gaian sentsibilizatzeko hitzaldia ere antolatu du: azaroaren 21ean (osteguna) izango da, 18:00etan, Basazabal jauregian. Sheila Melcon psikologoa izango da hizlaria.