Itzulpen automatikoa / Machine translation

Herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzen du udalak

2025/02/04
Herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzen du udalak

Udatik hona, hainbat proiektu gauzatu ditu: kiroldegi ondoko, Paulo VI. auzoko eta  Munategiko espaloiak berritu; oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak egin suhiltzaileen egoitza ondoan; hainbat frontoitan hobekuntzak egin; Gaztelekua handitu…    


“Obra handiekin konparatuta, ikusgarritasun txikiagoa izaten dute obra txikiek, egin direla konturatu ere ez gara egiten batzuetan, baina funtsezkoak dira herritarren bizimodua errazteko, irisgarritasuna hobetzen laguntzen dutelako, segurtasuna bermatzeko beharrezkoak direlako,  saneamendu egoki bat izaten laguntzen dutelako…”, esan du Ander Larrañaga Obra Txikien zinegotziak.

Udatik hona, hainbat proiektu amaitu ditu udalak. Irisgarritasunari begira, espaloi berria egin du kiroldegi ondoan, eta bizikletentzako aparkalekua lekualdatu eta handitu ditu;  Paulo VI. auzoan ere berritu egin du espaloia; Munategiko autobus geltoki ondoko espaloia luzatu egin du, eta markesinak jarri ditu bi aldeetako geltokietan; Iñaki Azpiazu auzoko urbanizazio berria Izarraizko Atera doan bidexkarekin lotu du; eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko, bi zebra-bide altxatu jarri ditu suhiltzaileen egoitzaren ondoan.

PauloVIMarkesinaMunategiIñakiAzpiazu2BizikletenAparkalekua

Aisialdiari, kirolari eta hezkuntzari lotuta, Gaztelekuari 80 metro karratu gehitu zaizkio; margotu egin dira Matxinbentako eta Oñazko pilotalekuak (Oñazkoan sabaia bernizatu ere bai), eta zenbait hobekuntza egin dira Frontoi Txikin eta Karmelo Etxegaraiko frontoian; parke berria egin da Iberotarren plazan; eta patineteentzako aparkalekuak ere jarri dira herriko hainbat puntutan. Umeek barruan jolaserako leku handiagoa izan dezaten, beirazko egitura ere jarri da Karmelo Etxegarai ikastolan.

Ingurumenaren arloan, hobekuntzak egin dira argiteria publikoan, eta konpostatze eremua jarri da Madalenako hazitegian.

Herri bideak konpontzen jarraitu du udalak, eta mantenuari lotutakoak izan dira beste lan batzuk: Aratz Errekako arazketa sisteman mantenu lanak egin dira; Salbe auzoan ere egin dira lurra berritzeko lanak; eta konpondu egin dira hainbat errepidetako zuloak eta parkeetako kalteak. Unean-unean sortu diren beharrei ere aurre egin zaie (haizeak botatako zuhaitzak kendu…).

Uneotan ere hainbat proiektu ditu martxan udalak.