Herritarrek aukeratuko dute nork botako duen saninazioetako txupinazoa
2024/05/30
Plaza bete jende, kamiseta arrosak soinean eta udal musika banda, txistulariak eta erraldoiak lanerako prest. Gaur bi hilabete, eguerdiko 12:00etan, itxura hori izango du Azpeitiko plazak. Izan ere, txupinazioa botata, orduantxe hasiko dira aurtengo saninazioak.
Azken urteotan, urtez urte, Azpeitiarentzat garrantzitsuak diren elkarte eta kolektiboetako ordezkariek izan dute festei hasiera emateko ardura. Aurrerantzean ere hala izatea nahi du udalak, baina, aldi berean, herritarren parte-hartzea ere sustatu nahi du. Horregatik, aurten, lehen aldiz, herritarrei emango die hitza, eta haiek aukeratuko dute nork botako duen txupinazoa.
Hiru fase izango ditu aukeraketak.
• Ekainaren 10era arte. Herritarrek beren hautagaiak proposatzeko aukera izango dute. Bi bide egongo dira: posta elektroniko bidez (txupinazoa@azpeitia.eus helbide idatzita) edo herriko zenbait puntutan egongo diren postontzien bidez (udaletxea, igerilekua eta liburutegia). Astelehenean jarriko dituzte postontziak. Emailean nahiz postontzietan sartu beharreko papertxoan txupinazoa nork botatzea nahi dugun eta gure ustez zergatik merezi duen jarri behar da. Elkarteak, eragileak, kolektiboak nahiz norbanakoak proposatu ahal izango dira.
• Ekainak 13. Herritarrek proposatutako hautagai guztiak aztertuko ditu Festa Batzordeak. Balorazioa egiteko hainbat irizpide hartuko ditu kontuan: herriari egindako ekarpena, norbere arloan izandako merituak, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina, euskal kulturaren alde egindako lana… Hautagai guztien artean, lau hautagai aukeratuko ditu Festa Batzordeak.
• Ekainak 20. Aukeratutako lau hautagaiak zein diren jakinaraziko du udalak, eta bozketa hasiko da. Bi bide egongo dira berriz ere: postontzien bidez edo udalaren webgunean zintzilikatuko den galdetegi bidez. Herritar bakoitzak boto bakarra emango duela bermatzeko, nortasun agiriaren zenbakia eskatuko da (izen-abizenak ez dira beharrezkoak izango; botoa isilpekoa izango da). Ekainaren 28a izango da botoa emateko azken eguna.
Ekainaren 30ean, txupinazorako hilabete falta denean, herritarrek aukeratuko hautagaia zein izan den adieraziko du udalak. Animatu parte hartzera!
