Herritarren eta kulturen arteko zubi lanerako, Bizilagunak egitasmoa egingo da azaroaren 17an
2019/10/31
Gero eta txoko desberdin gehaigotan jaiotako azpeitiarrek osatzen dute Azpeitia. Elkar gehiago ezagutu eta pertsonen eta kulturen arteko ezagutza eta zubi lana egin asmoz, iaz SOS Arrazakeriak duela zenbait urtetatik antolatzen duen Bizilagunak ekimenarekin bat egin zuen Udalak. Aurten, azaroaren 17n egingo da herri desberdinetan jatorri desberdinetako herritarrak batzen dituen ekimen hori eta azaroaren 11ra arte izango da parte hartu nahi dutenentzat izen emate epea zabalik (Gizarte Zerbitzuetan).
"Egitasmo polita eta garrantzitsua da guretzat Bizilagunak. Azpeitian gero eta gehiago dira munduko beste txoko batean jaiotakoak. Elkar ezagutzeko eta gauza onak konpartitzen jakiteko aukera aukera polita da", adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako Batzordeburuak. Elkarri "denbora eta leku eskaintzea" jarri du balioan: "Egunerokoan ez dugu denborarik hartzen hitz egin eta elkar ezagutzeko, eta ekimen horretan horixe eskatzen da; denbora eta lekua eskaintzea munduko beste txoko bateko herritarrei".
Iaz egitasmoan parte hartu zuten hiruk ere beren esperientzia kontatu eta herritarrak parte hartzera gonbidatu nehi izan dituzte. "Familia animatu egin ginen iaz egitasmoan parte hartzera. Hetra Boudjemaarekin elkartu ninduten, eta elkar ezagutzen ginen. Hala ere oso aberasgarria izan zen. Gure etxean elkartu ginen, baina berak sukaldatu zuen kuskusa saharar erara", adierazi du. Boudjemaak ere esperientzia "polita" izan zela eta berriro parte hartzeko prest dela adierazi du: "Naiz eta elkar ezagutu, eta elkarren ohituren berri izan, esperientzia desberdinak konpartitzeko aukera izan genuen. Umeek ere elkarrekin jolasteko aukera izan zuten eta pozgarria izan zen". Inaxita Bereziartuaren etxean ere izan zen familia marokoar bat: "Senar-emazteak eta beren hiru seme alabak izan ziren gure etxean. Ondoren ere mantendu dugu harremana. Etorkinek izaten dituzten beharren inguruan eta hitz egiteko aukera izan genuen, eta aberasgarria izan zen.
Zer da Bizilagunak ekimena?
Bertako familia eta pertsonak, atzerritik etorritakoekin, bazkari batean bildu nahi dituen egitasmoa da. Azaroaren 17n, ordu biak inguru, bazkari bakoitzean, bertako familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako baten etxean. Familia kontzeptua, modu zabalean ulertuta, noski: ama bakarrak; emakumez, gizonez edo emakume eta gizonez osatutako bikoteak, seme-alabekin edo gabe; pisukideak; bakarrik bizi diren pertsonak, amamak beraien ilobekin; lagun taldeak…
Bertakoa edo kanpotik etorritakoa izanik, hemen bizi bazara familia, bikote, pisukide edo lagunekin, eta zure herri edo hiriko jende berria ezagutu nahi baduzu, animatu eta parte hartu.
Bizilagunak zertarako eta zergatik?
Asko gara kultura ezberdinetako pertsonak ezagutzeko gogoak ditugunok, baina askotan, aukerak topatzea zaila egiten zaigu. Elkar ezagutzeko aukerak eskaini nahi dira horretarako; gonbidapen hau luzatzen dugu kultura ezberdinen arteko pertsonen artean murgiltzeko eta elkarbizitza sustatzeko.
Nola eta nork hartu dezake parte programan?
Azaroaren 11rte eman dezakete izena ekimenean parte hartu nahi dutenek.
Dei ezazu 943 157192 telefonora edo izena eman korreo honetan: ikastaroak@azpeitia.eus edo eman izena online.
Izen ematen dutenak, anfitrioi, gonbidatu edo dinamitzaile izan daitezke. Anfitrioiek beren etxean hartuko du beste familia bat; gonbidatuak beste baten etxera joango dira, eta dinamizatzaileak bien arteko zubi lanak egingo dituzte.
