Machine translation

HH2ko haurrentzat ere izango dira aurtengo Udal Udalekuak, eta goizeko zaintza zerbitzuaren ordutegia zabalduko da

2019/05/10
HH2ko haurrentzat ere izango dira aurtengo  Udal Udalekuak, eta goizeko zaintza zerbitzuaren ordutegia zabalduko da

Maiatzaren 27tik 31ra bitartean izango da aurtengo Udal Udalekuetan izena emateko epea. Aurtengo berrikuntzen artean, bi dira aipagarrienak. Alde batetik udalekuetan parte hartzeko adin tartea zabaldu da eta HH2ko haurrek ere udalekuetara joateko aukera izango dute; beste aldetik, zaintza zerbitzuaren ordutegia ere zabaldu egin da eta 8:30etatik 10:00etara bitartean izango da. 


Aste Santuko oporrak pasatuta, udari begira jarri gara Udal Gazteria Saila eta horrekin batera Udal Udaleku irekien antolaketan ari dira buru belarri. Programazioak ixten eta horietan egingo diren hainbat ekintza herriko eragileekin elkarlanean antolatzen ari dira, azken urteotan bezala. 

Ekainaren 24tik uztailaren 19ra arte izango dira aurtengo udalekuak eta izen-emate orriak ikastetxeetan banatuko zaizkie haurrei laster. Izena emateko epea maiatzaren 27tik 31ra izango da, biak barne. Aurreko urteetan bezala Gazte Informazio Bulegoan (plaza txikia z/g) jasoko dira izen-emateak, honako ordutegian: goizez 10:00-13:00 eta arratsaldez 17:00-20:00.

Aurtengo berrikuntzak

Iaz zaintza zerbitzua jarri zen abian eta aurten ere mantentzea erabaki du Udalak. Ordutegi aldaketa izango du, ordea, 8:30etik 10:00etara bitartean eraman ahalko dira haurrak Txiki Txoko Ludotekara.

Horretaz gain, beste berrikuntza bat ere izango da aurtengoan, HH2ko haurrek udalekuetan parte hartzeko aukera izango dute. Goizez izango da eta Txiki Txoko Ludotekan bilduko dira. Izen ematerako orrian emango dira azalpen gehiago. 

udaleku

 

Begiraleen lan poltsan izen emateko epea, zabalik
Begirale zein heziketa behar berezietan adituak kontratatzeko lan-poltsa ere martxan da. Hala, uztaileko udaleku irekietan lan egin nahi dutenek maiatzaren 24a, ostirala, baino lehen beren curriculuma helarazi beharko dituztegib@azpeitia.eus helbidera.