Hiru egitasmo, gurasoen ongizate emozionala helburu hartuta
2024/10/11
Amak tribuan egitasmoa, urtea amaitu arteko guraso eskolak eta familientzako eta nerabeentzako orientazio zerbitzua aurkeztu dituzte, gaur goizean, Basazabal jauregian. Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Haizea Egiguren Amak tribuan egitasmoaren sustatzaileak, Edurne Korta Hezkuntza teknikariak eta Janire Basurto familientzako eta nerabeentzako orientazio zerbitzuko psikologoak hartu dute parte aurkezpenean.
Herritarren ongizate emozionala Azpeitiko Udalaren lehentasunetako bat dela gogoratu du Goenagak, eta esparru horretan kokatu ditu hiru egitasmoak; bakoitzak bere ezaugarri eta xede taldeak izanik ere, gurasoen ongizate emozionala zaintzen lagunduko dutela esan du. “Batzuetan, norbere burua zaintzeko tarte bat hartzea, hitz egitea, gertatzen zaiguna lasai kontatzea eta antzeko egoeran dagoen beste norbaitek ulertzen gaituela sentitzea aski zaigu aurrera egiteko, eta horretan lagunduko du Amak tribuan egitasmoak. Beste batzuetan, aditu baten ikuspegia komeni zaigu, eta guraso eskolek eta orientazio zerbitzuak behar horri erantzuten diete”.
- Amak tribuan
0-4 urte arteko haurren amei zuzendutako egitasmoa da Amak tribuan. Gizartean nagusi den amatasunaren irudiarekin azaldu du egitasmoaren testuingurua Egigurenek. “Amatasuna zoriontasunarekin lotzen den ideia nahiko barneratua daukagu. Hor dago ama onaren ideala: dena emango duena eta beti hor egongo den ama. Gainera, jendarteak modu batera edo bestera eskatuko digu, ama ‘ona’ izateaz gain, ama izan aurreko bizitza berarekin jarraitzea, eta hori ezinezkoa da”.
Izan ere, amatasunak bizitzako eremu askotan “berriz kolokatzea” eskatzen duela esan du, hala nola gorputzean, emozioetan, lan munduan, aisialdian edo desiran.
Egoera berri horretan, ezinbestekotzat jo du norbere burua zaintzea, nahiz eta, oro har, asko kostatzen den hori egitea. Zaintza horretan laguntzea da Amak tribuan egitasmoaren helburua. “Amatasunaren rolean erabat murgildu ohi gara etengabean, bestearenganako entregan, askotan gure buruak ahazteraino. Proposamen hau amak ahalduntzeko egitasmo bat da. Epairik gabe, gure buruak zaintzeko espazio seguru bat. Tribuaren magalean babestu eta osatuko ditugu minak eta pozak”.
- Guraso eskolak
Ikasturte osoan antolatzen ditu guraso eskolak Azpeitiko Udalak, guraso, tutore nahiz hezitzaileei bideratuta. Gabonak bitarteko eskaintza aurkeztuko dute gaur. Bi gairen bueltan antolatuko dituzte saioak: alde batetik, mugikorrak eta nerabeen osasun mentala, eta, bestetik, familia barruko harremanak eta gurasoen erreferentzialtasuna.
Zentzuzko erabilera eta osasuna saretzen (ZEOS) programarekin hasiko dira guraso eskolak, urrian. “Mugikorrarekiko adikzioa errealitate bihurtu da azken hamarkada honetan, eta, era berean, nerabeen arteko osasun mental arazoak gero eta gehiago dira”, esan du Korta Hezkuntza teknikariak. Mugikorraren erabilera eta osasun mentala, biak batera uztartuz, lau saio izango dira: urriaren 21ean, 22an, 28an eta 29an. “Gaiari hainbat ertzetatik heldu eta lanketa integral bat egin nahi dugu”.
Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkanok bideratuko dituzte saioak. Besteak beste, Nerabeen garrasia liburuaren egileak dira. “Iaz ere izan ziren Azpeitian, eta balorazio oso ona izan zuen haien saioak”, kontatu du Kortak.
Azaroan, berriz, familia barruan ematen diren harremanen eta gurasoek etxe barruan duten erreferentzialtasunaren beharraren ingurukoak izango dira guraso eskolak. Hiru saio izango dira: horietako bi Janire Basurto familientzako eta nerabeentzako orientazio zerbitzuko psikologoak dinamizatuko ditu. “Azaroaren 12an, HHko eta LHko haurren gurasoei bideratuko diegu saioa, eta besteak beste, gai hauek landuko ditugu: atxikimendua eta segurtasuna; babesa eta autonomia, seme-alabekiko segurtasuna sustatzeko; eta hausnarketarako tartea ere hartuko dugu”, azaldu du Basurtok berak.
Azaroaren 26ko saioa, berriz, DBHko ikasleen gurasoentzat izango da. “Kasu horretan, gai hauek landuko ditugu: atxikimendua eta segurtasuna; nerabezaroko kontraesanen aurrean nola kokatu; eta seme-alabekin komunikazio egoki bat nola mantendu”.
Familia barruko harremanei buruzko hirugarren saioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba programarekin elkarlanean antolatuko da, azaroaren 19an, eta Mireia Centenok gidatuko du. Anai-arreben arteko gatazken kudeaketari buruz izango da.
Euskaraz izango dira guraso eskolako saioak, baina Telegram bidezko itzulpena ere eskainiko da. 18:00etatik 19:30era izango dira: urrikoak azoka plazako aretoan, eta azarokoak Basazabalen.
- Familientzako eta nerabeentzako orientazio zerbitzua
Guraso eskoletara joateko aukeraz gain, gurasoek urte osoan dute familientzako eta nerabeentzako orientazio zerbitzura jotzeko aukera. Martxoan jarri zuen martxan zerbitzu hori Azpeitiko Udalak. Familia barruan ematen diren zailtasunak eta gatazkak kudeatzeko aholkularitza ematen zaie familiei; eta, horrez gain, 16-18 urteko gazteek beraiek bakarrik joateko aukera dute, beren arazo, zalantza eta abarrei buruzko laguntza eskatzera.
Doako zerbitzua da, eta hitzordu bidez funtzionatzen du (943157161 da zenbakia). “Ikastetxeetan lanketa handia egin dute irakasleekin-eta zerbitzu honen berri emateko, eta ikasturte hasieran, Gazteria Sailak ere bai. Osakidetza ere hasi da kasuak zerbitzura bideratzen, eta pixkanaka gero eta kasu gehiago iristen dira”, azaldu du zerbitzuaz arduratzen den Basurto psikologoak.
AMAK TRIBUAN
Bi orduko zortzi saio, azarotik otsailera, hamabostean behin. Bi ordutegi aukeran: astelehenetan, 10:00etik 12:00etara edo astearteetan 17:30etik 19:30era (bestelako proposamenak ere jasoko dira). Basazabalen. Izena emateko galdetegia: https://forms.gle/343apkp7Z8e7t7Wm6
Izena emateko epea: urriak 25
Kuota: 20 euro
GURASO ESKOLAK
- Zentzuzko erabilera eta osasuna saretzen (ZEOS programa)
Urriak 21, astelehena: Mugikorraren auziaren formazio integrala
Urriak 22, asteartea: Osasun mentalean barrena
Urriak 28, astelehena: Sare sozialen arrisku eta erabilera formazioa
Urriak 29, asteartea: Nerabezaroan barrena: beldurrak, balioak, autoestimua eta identitate eraikiaren garrantzia
Hizlariak: Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal
Izena emateko galdetegia: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSc1VbRUXU-CQGIS5MbVfsPXTzmpOHPdERa3JPL3v78ghPB8mg/viewform
- Famili barruan ematen diren harremanak eta gurasoak etxe barruan duten erreferentzialtasuna
Azaroak 12, asteartea: Gurasoak seme-alaben bidelagun
Hizlaria: Janire Basurto psikologoa
HH eta LHko guraso, tutore eta hezitzaileei zuzendua
Azaroak 19, asteartea: Anai-arreben arteko gaztazkak nola kudeatu
Hizlaria: Mireia Centeno (Treba Gurasoak)
LHko guraso, tutore eta hezitzaileei zuzendua
Azaroak 26: Nerabezaroan gurasoak euskarri
Hizlariak: Janire Basurto psikologoa eta Gaztelekuko hezitzaileak
DBHko guraso, tutore eta hezitzaileei zuzendua
Izena emateko galdetegia: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScXulN1BsICfpiPe_csP9qNKPunP5xUqBQCW3iW9tmTi3CiDw/viewform
FAMILIA ETA NERABEENTZAKO ORIENTAZIO ZERBITZUA
Hitzordua hartzeko telefonoa: 943157161
familiazerbitzua@azpeitia.eus