Hiru gune, txakurrak jolasean solte ibiltzeko
2025/06/25
Gero eta herritar gehiagok dituzte txakurrak etxeetan, eta haiek solte ibili ahal izateko hiru gune egokitu ditu udalak. Maiatzean hasi zituen lanak, eta dagoeneko erabilgarri daude.
Joanes Amenabar eta Ander Larrañaga zinegotziek azaldu duenez, espazio publikoan lotuta ibili behar dute txakurrek, baina beren garapenerako solte ibiltzeko premia ere badute, eta horregatik egokitu ditu guneak udalak. Txakur jabeen eskaera betez, txakurrentzako jolas batzuk ere jarri dituzte bi gunetan.
Txakurguneen ezaugarriak
Hiru txakurguneetako bi itxiak dira: Urola izenekoa herrigunearen sarreran dago, Zestoa aldetik etorrita, eta 1.000 metro karratuko azalera du. Garmendipe izenekoa, berriz, Garmendipeko goiko futbol zelaiaren gainaldean dago, eta 750 metro karratuko azalera du. Batak zein besteak Txakurrentzako agility gunea, iturria, itzalguneak, zaborrontziak eta jabeentzako eserita egoteko gunea dituzte.
Hirugarren gunea, Loiolabide izenekoa, irekia da; hau da, txakurrek solte ibiltzeko aukera dute gainerako herritarrekin batera. 735 metro luze da bidea, eta Urola ibaiaren ondoko pasealekuan dago, Loiolako Inazio etorbidearen aldera. Urola ibaiaren ondoan itxitura egin dute, txakurrak ibaira ez jaisteko eta Martin Arrantzalea babesteko.
Oinarrizko arau batzuk
Txakurguneen erabiltzaileek oinarrizko arau batzuk bete beharko dituzte:
• Urola eta Garpendipe txakurguneetan atea itxita mantendu behar da.
• Txakurgunean dauden txakurren ardura jabeena izango da.
• Txakurren gorotzak jaso egin behar dira.
• Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrek muturrekoa jarrita izan beharko dute.
