Igandean, 16:30ean, Neguko Topalekuaren inaugurazio irekia egingo da
2023/01/12
Azpeitiko Udalak, Haurren Kontseiluaren eskaerei erantzunez, datorren igandetik apiriaren 2a bitartean, igandeetan, Azoka Plaza gatetxoentzako Neguko Topaleku bilakatuko du. Igandean 16:30ean irekiko da estreinekoz, eta lehen aldi horretarako inaugurazio ekitaldi irekia egingo dute 17:00ak bitartean. Inaugurazio ofizial horretan, Haurren Kontseiluko kideak eta hezitzaileak, udal ordezkariak zein topalekua ezagutu nahi duten haur eta gurasoak izango dira. Inaugurazio ekitaldiaz gain, gaztetxoek prestatutako luntx-a ere izango da. Hori bukatzean, aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute, lehen aldiz, LH3tik LH6ra bitarteko gaztetxoek bertan.
Urtarrilaren 15 eta 29an, otsailaren 5, 12 eta 26an, martxoaren 5, 12, 19 eta 26an eta apirilaren 2an irekiko da Neguko Topalekua,16:30etatik 19:00ak bitartean, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko haurrentzat. Topalekua haurren nahi eta beharretara egokituko da eta ekintza desberdinetara bideratutako txokoak izatea adostu zuten Haurren Kontseiluan. Hala, bertan, udaleko Gazteria Zerbitzuko bi hezitzaile ere egongo dira; bertan egon nahi dutenek Azoka plazara joatea besterik ez dute izango, hau da, ez da aurrez izenik eman beharko.
Gunea abian jartzean pixkanaka hartuko du izaera, eta joaten direnen behar eta nahietara egokitzen joatea da helburua. Gaztetxoen neguko topalekua aisialdirako gune berria da Azpeitian; Haurren Kontseiluaren ekimenez sortua. Proba gisa jarriko da abian, eta haurrekin lantzen joango da bertako dinamika.
Gune berri horretaz gain, abenduan, 0-8 urte bitarteko haurrentzako jolaserako gune estalia jarri zuen martxan udalak. Bertan haur txikienek jolastu, familian egon edo psikomotrizitatea lantzeko aukera eskaintzen da.
