Ikastaro eta jarduera eskaintza oparoa, emakumeak ahalduntzea helburu hartuta
2024/09/16
Irailaren 16tik 27ra irekiko da Jabetze Eskoletan zein bestelako tailer eta saioetan izena emateko epea. Aurtengo berrikuntzen artean daude emakume migratuentzako eta zaintzaileentzako topaketak eta gizonentzako desahalduntze tailerrak. Azpeitiko emakumeen oroimen historiko biltzen duen Matazak proiektua liburu batean jaso da.
2023-2024 ikasturtea oso oparoa izan da Azpeitiko Emakumeen Txokoan: harrera oso ona izan dute Jabetze Eskola, ikastaro iraunkor, hitzaldi eta bestelako egitasmoek. Erantzun horrek emandako indarrarekin, aurten ere gogotsu heldu dio ikasturte berriari. Eskaintza zabala prestatu du, eta eskaintza horren berri eman dute, gaur goizean, Miren Arrieta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun batzordeburuak, Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak eta Ione de la Cruz Emakume Txokoko teknikariak.
Udalaren eta Emakume Txokoaren artean bultzatzatzen diren egitasmoen helburuetan jarri du arreta Arrietak. “Emakumeei beren buruaren eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea nahi dugu; maila pertsonalean eta kolektiboan indartzea; elkarrekin eta elkarrengandik ikastea; errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratzea; parte-hartze soziopolitikoa handitzen laguntzeko topagunea izatea…”.
Berrikuntza bat baino gehiago izango dira aurtengo eskaintzan, eta horietako bi aipatu ditu Arrietak. Alde batetik, emakume migratuentzako eta zaintzaileentzako antolatuko diren topaketak, “jatorri, kultura eta ezaugarri guztietako emakumeak ahalduntzea delako Emakume Txokoaren nahia”. Eta bestetik, gizonentzako desahalduntze tailerrak. “Hain zuzen, genero desberdintasunak zein indarkeria matxistak betikotzen dituzten portaerak desikasteko saioak izango dira”. Hiru saio izango dira ikasturtean.
Jabetze Eskoletan, zazpi ikastaro
Jarraian, eskaintza osoan sakondu du Aldalur Parekidetasun teknikariak. Zazpi ikastaro eskainiko dira Jabetze Eskolen barruan: Emakumeen osasuna ikuspegi feministatik: gure osasuna baldintzatzen duten faktoreak ezagutzen eta ulertzen (Pepa Bojo), Zoru pelbikoa lantzen (Saioa Baena), Kosmetika naturala (Itziar Etxeberria), Podcast feminista (Eneritz Arzallus, Kulturaz Kooperatibarekin elkarlanean), Arteterapia (Irantzu Iturbe), Belaunaldien arteko autodefentsa feminista (Esther Lopez) eta Espeleologia hastapenak (Nerea Arrizabalaga).
Parte hartzerako, sentsibilizaziorako eta integraziorako beste hainbat ekintza ere izango dira urte amaierara bitartean, besteak beste, hauek: emakumeen osasuna ardatz hartuta udaleko Hezkuntza Sailarekin batera antolatu den eta Dya Gipuzkoaren bitartez eskainiko den hitzaldi zikloa; Irakurri eta ahaldundu tailerra (Ainhoa Aldazabal); Batukada feminista (Ainara Sarasketa eta Arantza Albizu); eta Empalabramiento (emakume atzerritarren alafabetatze eta ahaldutze ikastaroa). Eta, horiez gain, aurrez aipatutako Enredémosnos emakume migratuen topaketa (Enara koop), eta gizonentzako desahalduntze tailerrak (Iñi Etxezarretak).
Jabetze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea irailaren 16tik irailaren 27ra bitartean egongo da zabalik. Beste ekintzetarako izen emateak zabalik jarraituko du taldea osatu edo ekintza burutu bitartean.
Ekintzen inguruko informazio osatua banatu da dagoeneko herriko etxe guztietara. Hala ere, informazio gehiago behar duenak edo izena eman nahi duenak Emakumeen Txokora (Goiko kale 12, behea) jo dezake: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan, 09:00etatik 14:00etara. 943-15 70 55 eta 688 151 000 telefonora deitu edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera ere idatz dezakete.
Matazak, liburu batean
Iazko ikasturtean aurkeztutako proiektu baten jarraipena ere aurkeztu dute gaurko agerraldian: Matazak liburua. Herriko emakumeekin elkarlanean sortutako egitasmoa izan da Matazak; iaz, ibilbide fisiko batean jaso ziren herriko emakumeen istorio eta ahotsak. Orain, egindako ibilbidea jasotzen duen liburuxka argitaratu da. Ainara Azpiazu Axpik egin ditu ilustrazioak, eta maketazio lanez ere hura arduratu da. Aleren bat nahi duenak Emakumeen Txokora jo behar du (doan dira).
Azpeitiko Emakumeen Mahaian egindako ekarpenetatik hasi zen forma hartzen Matazak, eta dozenaka emakumeren inplikazio, lan eta testigantzari esker egin du aurrera. “Ezinezkoa izan da prozesu guztian zehar lortutako informazio-aberastasuna bere osotasunean jasotzea. Partekatutako istorioak, ikuspegiak eta bizipenak zabalak eta konplexuak dira, eta informazio garrantzitsuena osorik eta modu esanguratsuan aurkezteko saiakera egin bada ere, esperientzien altxor zabal baten lagin bat da Matazak”, esan du De la Cruzek.
Ibilbide batekin eta liburuarekin osatu da Matazak proiektuak, baina aurrerantzean ere emakumeen oroimen historikoa lantzen jarraitzeko konpromisoa dutela gehitu du Emakumeen Txokoko teknikariak.
Iazko datuak:
Jabetze eskolak: 127 emakume (ikastaro guztiak atera ziren aurrera, 45 emakume itxaron zerrendan).
Ikastaro iraunkorrak: 60 emakume.
Hitzaldi eta gainerako ekimenak: 270 herritar.
Gizontasuna ardatz antolatutako tailerra: 15 gizon.
Emakume Txokoko zerbitzuak:
Aholkularitza juridikoa: 74 hitzordu.
Lardaxka sexualitate, genero eta bikote aholkularitza: 47 hitzordu.
Liburutegi feminista: 39 mailegu.
Erreminta maileguak: 22 mailegu.
