Itzulpen automatikoa / Machine translation

Ikastaroak eskaintzeko proposamenak jasoko ditu urriaren 2a arte Udaleko Hezkuntza sailak

2019/09/16
Ikastaroak eskaintzeko proposamenak jasoko ditu urriaren 2a arte Udaleko Hezkuntza sailak

Azpeitiko Udaleko Hezkuntza sailak, 2019-2020 ikasturtean ikastaroak emateko proposamenak jasotzeko epea ireki du urriaren 2a arte. Proposamenak aurkezterakoan, eskaera orria betetzeaz gain, ikastaroaren nondik norakoak azaltzeko txosten bat ere aurkeztu behar dute Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan. 


Urtero bezala, dei egiten die, datorren ikasturtean Azpeitian ikastaroren bat eman nahi dutenei, proiektua aurkeztera. Aurkeztutako proiektuen balorazioa egingo du Udalak. Aukeraketa fasean sartu ahal izateko, honako baldintzak bete behar dira:

1. Ikastaroa emango duenak, lantzea proposatzen duen gaiaren inguruko titulazio egokia izatea, edota horretan lan esperientzia duela agertzen duten agiriak izatea.
2. Zerbitzu hau herrian beste leku batean ez eskaintzea.
3. Udaleko sail bateko helburuekin bat egitea.


Aukeratutako proiektuei honakoa eskainiko die Udalak: ikastaroen propaganda egiteaz arduratuko da eta ikastaroa eskaini ahal izateko lokala utziko du. Udalaren eta ikastaroa emango duenaren artean hitzarmen bat sinatuko da, bertan jasoz bi aldeen eskubide eta betebeharrak.

Interesatuek, Udaleko eskaera orria beteta eta txosten bat aurkeztu beharko dute, ikastaroaren nondik norakoak azalduz. Honako atal hauek agertu behar dira gutxienez txostenean: ikastaroaren helburua,
edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen eta irakasleak (edo irakasleen) gaia ezagutzen duela agertuko duen dokumentazioa (heziketa agiriak, lan eskarmentua, etb.).

2018-2019 ikasturtean ikastaroren bat eman dutenen kasuan, egiten den proposamena orain artekoarekin jarraitzea bada, ez dute txostena aurkeztu beharko; nahikoa izango da eskaera orria betetzearekin.

Urriaren 2rako aurkeztu behar dira eskaerak, udaletxeko herritarren arreta zerbitzuan. Udaletik jakinarazi dute, informazioa nahi izatera 943 157928 telefonora deitu daitekeela.