Ikusmina piztu du San Martin egoitzako erlojuaren inaugurazioak
2024/11/12
Juan de Sugastik egindako erlojua 1815etik dago Azpeitian, eta Urola eskualdean kontserbatzen den zaharrena da. San Martin egoitzaren sarrera nagusiaren aldamenean jarri dute zaharberritutako erlojua, kristalez babestutako estalpe batean. San Martin Asteko egitarauaren barruan, gaur egin dute inaugurazioa, eta jende ugari elkartu da.
Nagore Alkorta alkateak eskerrak eman dizkie urteotan guztiotan erlojua gorde eta zaindu dutenei, eta bereziki, orain eraberritu dutenei. “Zuei esker, gure herriko ondare historikoarekin altxor horietako bat martxan dugu oraindik ere”, esan du. Xabier Alvarez Yeregik eman ditu erlojuaren xehetasunak. Ekitaldia amaitzeko, Jon Gurrutxaga aritu da bertsotan eta mokadutxo bat jateko aukera ere izan dute joan direnek.
