Itzulpen automatikoa / Machine translation

Inauguratu dute musika eskolaren etxe berria

2024/09/19
Inauguratu dute musika eskolaren etxe berria

Ikasturtea egoitza berrian hasi du Juan Antxieta musika eskolak: Soreasuko eraikineko bigarren solairuan. 780 metro karratu hartzen dituen espazioa egokitu du Azpeitiko Udalak musika eskolarentzat. Atzo egin zuten inaugurazioa.


Ikasleak, gurasoak, musika eskolarekin elkarlanean aritu ohi diren taldeetako ordezkariak nahiz udal ordezkariak izan ziren inaugurazioan. Txalaparta doinuek eman zioten hasiera ekitaldiari; ondoren, biolinak lagunduta, aurreskua egin zuen dantzari batek, eta segidan Nagore Alkorta alkateak eta Mari Jose Bikendi musika eskolako zuzendariak hartu zuten hitza.

Inaugurazio ia guztiak izaten direla pozgarriak esan zuen Alkortak, baina musika eskolaren inaugurazioa “doble” pozgarria dela azaldu zuen, “kausa nahiz ondorioa izango direlako onuragarriak azpeitiarrentzat”. Horren harira, testuingurua gogoratu zuen: lehen, Perdillegin zegoen musika eskola, baina adinekoentzako zentro balioaniztun bat egingo dute han, eta horrek ekarri du eskola lekuz aldatzeko erabakia. “Arrazoia hori da, pozteko moduko arrazoi bat, beraz; baina gaur emaitza aurkeztera etorri gara, eta emaitza bera ere benetan ederra da”.

Musika eskola lekuz aldatu beharko zela ikusi zutenean, eta aukera posibleak aztertzen hasi zirenean, zalantza gutxi izan zituztela adierazi zuen Alkortak. “Eremu naturala hau zela ikusten genuen”. Soreasuko eraikinean bertan dute egoitza herriko beste hainbat kultur taldek, “eta kokapen berriari esker, iruditzen zaigu erraztu egingo direla elkarlanean aritzeko aukerak, proiektu berriak ateratzeko aukerak…”.

Egoitza berrira “ilusioz beteta” joan direla adierazi zuen, berriz, Mari Jose Bikendi musika eskolako zuzendariak. Berrogei urtetik gorako ibilbidea du Juan Antxieta musika eskolak, eta bide honetan izan dituzten “aterpeen” oroitzapen politak dituztela esan zuen; era berean, eraikin berrian ere musikaren magia sortzen jarraitzeko itxaropena agertu zuen. Bikendik eskerrak eman zizkion udalari Soreasuko eraikinean musikari leku bat egiteagatik, eta esker hitzak izan zituen familia eta ikasleentzat ere.

Ekitaldiak egiteko aretoa

Musika eskola barrutik ikusteko aukera izan zuten inaugurazio ekitaldira joan zirenek. Perdillegiko eraikinarekin konparatuta, berrikuntza nabarmen bat du eskola berriak: emanaldietarako areto propio bat dauka. Horri esker, ekitaldi txikiak bertan egiteko aukera izango dute ikasleek, musika tresnak alde batetik bestera eramaten ibili gabe.

Soreasu eraikineko bigarren solairuan dago musika eskola, eta eskailera batzuk atera dira, sarrera independentea izan dezan. Hala ere, irisgarritasuna bermatuta du Dinamoko igogailuari esker. Ia 780 metro karratuko azalera hartzen du; argitsua da, eta egurrak goxotasun handia ematen dio. Musika eskolako arduradunek jakinarazitako beharrak kontuan hartuta, hainbat gelatan banatu dute: hiru musika-mintzaira gela; zortzi instrumentu gela; bi perkusio gela; erabilera anitzeko bi gela; irakasle gela; administrazio lanerako gelak eta abar ditu.