Inaziotar Bidea, elkarlanerako bideak lantzen
2025/05/07
Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko zuendaritza batzordeak bilera egin zuen atzo euskal erakundeen ordezkaritza batekin, elkartea aurkezteko eta elkarlanerako bideak uztartzen hasteko.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea elkarteko lehendakariordea da, eta bileran izan zen, elkartearentzat lanketa teknikoa egiten ari den Iraurgi Berritzeneko Jesus Mujika Turismo arloko koordinatzailearekin batera. Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko ordezkaritza Joan Vila lehendakariak (Manresako alkateordea), Raul Garcia Laguardiako alkateak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak osatu zuten.
Euskal erakundeen ordezkaritza, berriz, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Kontsumo eta Merkataritza sailburuak, Daniel Solana Basquetour-eko zuzendariak, Cristina Gonzalez Arabako Foru Aldundiko Turismoko foru diputatuak, Felipe Gutierrez Arabako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak eta Libe Otegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak osatu zuten.
Elkartearen aurkezpen formala egin zitzaien agintariei, eta elkartea sortzearen arrazoiak, antolaketa eredua eta datozen hiru urtetarako asmo eta helburuak aurkeztu zitzaizkien.
Harrera ona jaso zen euskal erakundeen aldetik, eta elkarlan sendo bat hasteko borondatea jarri zen mahai gainean. 2026ko FITUR azokan jarri da hurrengo hitzordua, urtarrilean, orduan egingo baita Inaziotar Bideko Udalerrien Elkartearen jendaurreko aurkezpena Turismo sektorean.
