Ingeniari teknikoa eta digitalizaziorako administraria behar ditu udalak
2024/11/08
Azpeitiko Udalak ingeniari tekniko bat kontratatzeko deialdiaren oinarriak argitaratu ditu. Eskatutako baldintzen artean daude ingeniaritza teknikoko titulua edo baliokidea izatea eta 3. hizkuntza eskakizuna izatea.
Jarduera-lizentziei eta obra-lizentziei buruzko txosten teknikoak eta ikuskapenak egiteko eta udal-azpiegiturak eta -instalazioak kudeatzeko erantzukizuna izango du langileak. Horrez gain, honako zeregin hauek ere beteko ditu: jardueretarako lizentzien eskaerei buruzko informazio teknikoa ematea; ikuskapen bisitak egitea lizentziak eman aurretik; lizentzien eskaerei buruzko txosten teknikoak egitea; argiztapen publikoa diseinatzea, gainbegiratzea eta mantentzea…
Lanpostua betetzea premiazkoa denez, Lanbidek hautatutako izangaien artean egingo da aukeraketa. Gehienez hiru urteko iraupena izango du kontratuak, karrerako funtzionario batek bete arte lanpostua. Udalaren webgunean daude deialdiaren oinarriak.
Digitalizaziorako administraria
Lanbideren bidez, digitalizaziorako teknikaria ere kontratatuko du udalak, sei hilabeterako. Ezinbesteko baldintzak izango dira euskararen 3. hizkuntza eskakizuna izatea, berehala lanean hasteko aukera izatea, batxilergoko titulua edo baliokidea izatea, Urola Erdikoa izatea eta langabezian egotea edo Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea.
Kontuan hartuko da webguneen diseinuan, komunikazioan edo hornitzaileen kudeaketan prestakuntza edo esperientzia izatea. Lanpostuan izena emateko epea azaroaren 13an amaituko da.
