Machine translation

Ingurumenaren Mundu Egunarekin bat eginez, hondakin bilketa handia egingo du Ekoetxeak

2024/06/04
Ingurumenaren Mundu Egunarekin bat eginez, hondakin bilketa handia egingo du Ekoetxeak

Ekainaren 8an (larunbata) izango da, 10:00etatik aurrera, Landeta auzoko industrialdean, eta Urola Bizirik elkartearen laguntza izango du. Dagoeneko irekita dago hondakin bilketan parte hartzeko izen-ematea. 


Ingurumenaren Mundu Eguna ekainaren 5ean ospatzen da urtero mundu osoan, eta aurtengo leloa Gure lurrak. Gure etorkizuna izango da, argi uzteko lurrak lehengoratzeak duen garrantzia, lehortearen aurreko erresilientzia eta desertifikazioaren aurkako borroka. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak (Ihobe) bat egin du Ingurumenaren Mundu Egunarekin, eta hondakin bilketa handia antolatu du Euskadiko ingurumen zentroen Ekoetxea sareko lau zentroetan, besteak beste, Azpeitikoan.


10:00etatik aurrera garbituko da gizakion jardueraren presio handia jasaten duen Landeta auzoko industrialdeko gune bat, eta Urola Bizirik elkartearen laguntza izango du horretarako. Ingurune naturaletan utzitako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, eta lurzorua, ura eta airea kutsatu dezakete; horrek izaki bizidun guztiengan izan dezake eragina. Horrez gain, hondakin horiek paisaiak degradatzen eta zenbait inguru berdingaberen edertasun naturala kaltetzen dituzte, betirako kutsatzen baitituzte, ingurunearen osasunari eta pertsonen osasunari kalte eginda. Zigarro punta huts batek, adibidez, bi urte behar ditu deskonposatzeko, eta plastiko batek 100 urte baino gehiago.


Ihobek Ekoetxea sarearen bitartez proposatutako ekintzen helburua da herritarrak kontzientziatzen laguntzea eta konponbidean parte har dezatela sustatzea, hitzetatik ekintzetara pasatzeko askotariko ekimenen bidez, hala nola Ingurumenaren Mundu Egunerako programatutako jardueren nahiz eraldaketa ekosoziala sustatzeko diseinatutako esperientzien bidez.

Ingurumenaren Mundu Eguna

Nazio Batuen Ingurumenerako Programak (PNUMA) sustatutako ekintza da Ingurumenaren Mundu Eguna. Nazio Batuen Asanbladak 1972an ezarri zuen lehenengo aldiz, eta, harrez geroztik, urtero ekainaren 5ean antolatzen da. Azken 50 urteotan, ingurumenaren aldeko irismen gehien duen plataformetako bat bihurtu da munduan. Hainbat milioi lagunek bat egin dute modu birtualean eta presentzialean parte hartzeko, mundu osoan zehar egingo diren jardueretan, ekitaldietan eta ekimenetan.