Inoiz baino saltoki gehiagok hartu dute parte asteburuko stock azokan
2019/09/23
Azpeitiko Udalak eta Bertan-ek, Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, ospatu berri den Stock Azokaren balorazioa egin dute. Modu honetan, herriko dendariek eta Azpeitiko Udalak, ekimenaren puntu indartsuak eta ahulak aztertu dituzte, hurrengo edizioetarako aldaketak egin eta bezeroei eskainitako zerbitzua hobetzeko helburuarekin.
Edizio honen datu deigarriena dendarien parte-hartze altua izan da, izan ere, herriko 45 saltoki izan dira ekimenean parte hartu dutenak. Aurreko edizioekin alderatuz, %20 hasi da parte hartzea, 2018ko edizioan 37 postu izan baitziren. Azoka Plaza eraberritu zenetik hirugarren Azoka ospatu den honetan, saltokien inplikazioa oso modu positiboan baloratzen dute bi erakundeek.
Salmenta postuez haratago, egitarau aldetik ere eskaintza zabala izan du Stock Azokaren 2019ko edizioak eta adin ezberdinei zuzenduriko ekintzak izan dira momentu eta toki ezberdinetan: jolasak, magoak, pintxoak doan, zumba… Aldi berean, 3 erosketa bono zozkatu zituen Bertan elkarteak eta hauen irabazleak hurrengo egunetan jakinaraziko ditu.
Salerosketei dagokienean, balorazio positiboa burutu dute, oro har, dendariek. Azken urteetan bezala, ostiral arratsaldea eta larunbat goiza, bereziki, izan ziren erosketa une garrantzitsuenak. Edonola ere, jendearen joan-etorria etengabea izan zen Stockak zirauen bitartean eta eguraldia lagun, orokorrean oso jendetsua izan dela azpimarratu daiteke.
Bertan Merkatari Elkarteak Stock Azoka posible egin duten norbanako eta eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Azpeitiko Udaletik hasita, dekorazio lanetan lagundu duen Naiara Larrañaga dekoratzailea eta animazio lanetan aritu direnak, denak izan dira ezinbesteko Azokaren arrakastan.
