wrapper

Gizarte zerbitzuen lokalean, zerbitzu berri eta berritzaile bat jarri du martxan Azpeitiko Udalak: psikologo zerbitzua. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Nagore Alkorta alkateak esan du kezka batetik etorritako zerbitzua dela. “Udaleko gizarte zerbitzuetako gizarte langileek eta anbulatoriokoek ikusten zuten ondoez emozionala duten azpeitiarren kopurua handitzen ari dela, gero eta antsietate, larritasun eta bakardade arazo gehiago daudela, batik bat COVID-19aren pandemiaz geroztik”.

Alkortarekin batera, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Alvaro Iruin Gipuzkoako osasun mentaleko arduradunak, Luis Legorburu zerbitzua emango duen psikologoak eta Ana Errasti Azpeitiko anbulatorioko koordinatzaileak hartu dute parte aurkezpenean.

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez, udalak aurrez ere hainbat lanketa egin ditu ongizate emozionalaren inguruan: jardunaldiak eta prestakuntza saioak, ongizate emozionalari buruzko tailerrak, haur eta nerabeen egoera emozionalari buruzko ikastaroa... “Ibilbide baten ondorio da psikologo zerbitzu hau, eta prebentzioaren arloan kokatu behar da”. Norbere burua eta besteak zaintzearen garrantzia ere nabarmendu du Goenagak.

Zerbitzuaren xehetasunak

Zerbitzuaren helburua da ondoez emozionalaren premiei erantzutea eta osasun mentaleko patologietako nahasmendu egoerak prebenitzea; alegia, ez da dagoeneko patologiak diagnostikatuta dituztenei bideratutako zerbitzua. Gizarte zerbitzuak eta Azpeitiko anbulatorioa elkarlanean arituko dira. Era berean, psikologoak ere taldean lan egingo du gizarte-zerbitzuetako beste profesional batzuekin, izan ere, koordinazio hori funtsezkoa da erabiltzaileei arreta integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzeko.

Psikologoaren zerbitzua jasotzeko prozedurari dagokionez, gizarte zerbitzuetako gizarte langileak, anbulatorioko medikuak edo osasun mentaleko psikologoak edo psikiatrak jasoko dituzte eskaerak; ondoren, gizarte zerbitzuetako gizarte langileak baloratuko dituzte; eta, azkenik, gizarte zerbitzuetako arduradunak emango du onespena; alegia, zerbitzua erabili nahi duenak anbulatoriora edo gizarte zerbitzuetara jo beharko du. 18 urtetik gorako herritarrentzat izango da, eta astelehenetik ostiralera egongo da pasikologoaren kontsulta, gizarte zerbitzuen bulegoan. Larrialdietarako kasuei ere erantzungo zaie, orduz kanpo.

Profesionalak, elkarlanean

Kasuz kasu aztertuko den arren, hasiera batean, sei saioko asistentzia planteatuko zaie erabiltzaileei. Alvaro Iruinen esanetan, oso zerbitzu interesgarria da. “Denon artean gaixotasun eta arazo mentalen arteko desberdintasuna egitea dagokigu, eta zerbitzu honen bidez herritarrak elkarlanean zaintzea da helburua”. Iruinek beharrezko jo du “herritarrak heztea”, ondoezak eta gaixotasunak beren testuinguruan ulertzeko.

Bide beretik, Legorburuak adierazi du ondoezaren arrazoiak aztertu egin behar direla, egoera eragin duten faktoreak bilatu eta egunerokoan zer eragin duten aztertu, “ondoren, estrategiak markatuko dira egoerari buelta emateko”. Psikologoak esan du pazienteak rol aktiboa izan behar duela, eta gertatzen zaionaren inguruko kontzientziazioa eta motibazioa izan. “Pertsona bere osotasunean hartuko dugu”.

Errastik eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari, eta elkarlanaren bidea goraipatu du. Esan du pertsona erdigunean jarriko dela haren ongizatea bermatzeko.

 

 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information