Itzalguneak sortzea izan da lehentasunetako bat urteko lehen zatian egindako obra txikietan
2024/07/29
Obra txikiek bi helburu nagusi izaten dituztela esan du Ander Larrañaga Obra Txikietako zinegotziak: alde batetik, herria txukun eta egoki mantentzea; bestetik, herritarren eguneroko bizitza erraztea. Bi helburu horien bueltan, hainbat proiektu gauzatu ditu Azpeitiko Udalak urtearen lehen zatian.
Itzalean egoteko guneak eta berdeguneak sortzea izan da erronketako bat. “Ikusten genuen mota horretako espazioak falta zirela, eta bazegoela eskaera bat, batik bat adinekoen aldetik”. Liburutegi atzean, amaitu berri dituzte lanak, eta itzalpe zabala sortu da, egurrezko aulki luzeekin eta mahai batzuekin. “Gune fresko bat sortu da herriko erdigunetik gertu, eta uste dugu erabilera handia izango duela”. Olazko Amaren plazan ere, eserita egoteko egurrezko guneak egokitu dira zuhaizpeetan. Zumitzezko parkea da aurten egin den beste berdeguneetako bat, eta han ere sortu dira itzalpean esertzeko guneak.

Irisgarritasunari begira, anbulatorio atzeko zubian egin dira lanak, eta herriko beste hainbat puntutan ere bai. Olazko Amaren plazan, igogailuaren inguruan, zebra-bide bat jarri da, eta aldapa berri bat egin da irisgarristasuna hobetzeko. Agirre auzoko eskailerak ere konpondu dira. Epaitegi aurrean, bidegorria nahiz espaloia txukundu dira. Lasaon, bidegorriko sarrera hobetu da goiko markesinaren paretik.

Segurtasuna hobetzea izan da beste lan batzuen helburua; esate baterako, Euskal Herria auzoan ibilgailuen norazkoa aldatu da, autobusez joaten diren Karmelo Etxegarai ikastolako haurrek errepidea gurutzatu beharrik ez izateko. Perez Arregi plazan, piboteak, gidarientzako seinaleak eta ispilu bat jarri dira, plaza Soreasu antzokiarekin lotzen duen pasabidetik datozen oinezkoen segurtasuna hobetzeko. Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko neurgailuak ere jarri dira Sanjuandegi eta Loiola lotzen dituen errepidean.

Ur saneamenduari begira, erreten berriak egin dira Erdi Kalean, eta Izarraitzeko Ateko txorroetako ur sistema hobetu da.

Parke berria Matxinbentan
“Auzoetako bizilagunekin egindako bileretan jasotako eskaerak ere kontuan izan ditugu”, esan du Larrañagak. Matxinbentako parke berria da horren adibideetako bat.

Horiez guztiez gain, ohiko mantentze lanekin ere jarraitu du udalak. Datozen hilabeteetarako ere hainbat proiektu ditu esku artean udalak, eta dagoeneko martxan daude horietako batzuk, hala nola Urrestillako Kale Txikikoak.
