Jasangarriagoa, handiagoa eta berritua
2019/03/01
Estalitako igerilekuak izan ohi dira herri guztietan kontsumo energetiko handiena duten eraikinak. Azpeitian ere horrela da, eta duela zenbait urte (aurreko agintaldian) kontsumo hori murriztu eta eraikin jasangarriagoa bihurtu nahian, proiektu pilotu bat jarriaz, bide berri bat ireki zen. Energia kontsumoa murriztu, eta eraikinean sortu diren beharrei erantzuteko, azken urte hauetan, inbertsio berriak egin dira, eta eraikina bera handitu ere egin da.
Zenbait urtez faseka berritzen joan da Udala igerilekuko eraikina. 2013-2014 urte inguruan hasi zen eraikinaren kanpo zein barneko eraldaketa. 2014an, proiektu pilotu bat abian jarriz, Barrenetxe auzoko ur-termalak erabiliz energia kontsumoa gutxitzea lortu du. Horrekin batera, 1983an inauguratutako eraikinak zituen behar berriei erantzuteko handitze eta berritze lanak ere jarri zituzten abian: "Azpeitiko Udalak urte dezente daramatza igerilekuko eraikinean berritze eta egokitzapen lanak egiten, bi helburu nagusirekin: batetik, energiaren kontsumoan hobekuntzak egiteko lanean ari gara, eta bestetik, zerbitzua hobetzeko behar berriei erantzuteko neurriak hartu ditugu", zehaztu du Estitxu Elduaien, Kiroletako batzordeburuak.
Energia aurrezteko bide horretan, beste pauso garrantzitsu bat eman da azken urtebetean. Hala, igerilekuko aislamendua eraberritu da eta autokontsumorako eguzki plakak jarri dituzte martxan. Azken pausoa ere datozen hilabeteotanjarriko dute martxan; kontsumoaren kontrola eramango duen sistema informatikoa jarriko da uztail aldera: "Horrek guztiak, kontsumoa gutxitzeaz gain energia eta beraz, aurrezpen ekonomikoa ere ekarriko du", zehaztu du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak.
Europar Batasuneko dirulaguntza
Efizientzia hobetzeko proiektua garatzeko eta eguzki plakak ezartzeko proiektuak finantzatzeko dirulaguntza eskatu zion Europako Batasunari 2017an Udalak. IDAE erakundeak bidalitako ebazpena jaso berri dute udal ordezkariek, eta laguntza jasoko dutela jakinarazi diete. Karbono dioxidoa gutxitzea helburu duten tokiko proiektuak sustatzeko dirulaguntzak ematen ditu Feder erakundeak, eta Udalak 491.567,60 euroko laguntza eskuratu du igerilekuko lanak gauzatzeko.
Eraikin jasangarriagoa
Energia arloan eginiko inbertsioen emaitzak ikusteko denbora behar izaten da. Hala, ur-termalen instalazioen emaitzak orain nabarmendu daitezke. Bereziartuak azaldu duenez, 2015az geroztik, urtean 670.000 kWh aurrezten dira igerilekuan eta 57,35 TEP petrolio isurtzea saihestu dira. Horren gain, 41.660 euro aurreztu dira urteko fakturan.
Ezarri berri diren instalazioekin lortzea espero den aurrezpen kopurua ere aurreratu dute: itxitura edo aislamenduarekin, urtean 210.474,88 kWh, 18,10 TEP eta 15.103 euro aurreztuko direla aurreikusten da, eta autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoarekin, 103.400 kWh, 18,10 TEP eta 12.680 euro.
2013an, igerilekuak 3.000 metro karratu inguru zituen, eta egun, 4.000 inguru ditu. Azken sei urteotan, metro karratuko 342 kWh gutxiago kontsumitzen dela jakinarazi du Bereziartuak; hau da, metro karratuko %44 jaitsi da kontsumoa. Fakturan, berriz, metro karratuko 28,2 euro ari da aurrezten Udala. "Horri gehitu beharko zaio itxituren proiektuarekin eta eguzki plakenarekin aurreztuko duguna. Gainera, CO2 gutxiago isuriko dugu airera".
Gimnasioa handitzea aztertzen
2015. urtean igerilekua handituta ireki zen, baina berritze horrek erakarrita edo, azken urteotan asko hazi da erabiltzaile kopurua; 2013tik 2018ra %21,8 egin du gora erabiltzaile kopuruak (5.539 erabiltzaile zituen 2013an, eta 2018an, 6.746). Batez beste, egunean 600 bat lagun ibiltzen dira igerilekuko eraikinean. Erabiltzaile igoera horren ondorioz, epe motz edo ertainean gimnasioa txiki geldi daitekeela aurreikusi du Udalak eta gimnasioa handitzeko proiektua aztertzen ari direla jakinarazi du Elduaienek. "Obra hori aurtengo udan edo datorren urtekoan egingo dugu", zehaztu du.
