Itzulpen automatikoa / Machine translation

Jasotakoa bueltatzeko arratsaldea, festa giroan

2024/12/19
Jasotakoa bueltatzeko arratsaldea, festa giroan

Udazken osoa iraun duen parte-hartze prozesuri festa giroko amaiera eman zioten, atzo, Frontoi Txiki ondoko eremuan. Han izan ziren parte hartu duten hainbat herritar eta eragiletako ordezkariak, eta egindako ibilbideari balioa emateko ez ezik, parte hartzaileei atera den emaitza aurkezteko ere baliatu zuten ekitaldia.


Juan Antxieta musika eskolako ikasleen biolin doinu artean egin zuten ongietorria, eta jarraian, Ander Larrañaga zinegotziak azaldu zituen prozesuaren nondik norakoak. “Gernikako arbola erori ostean, ikusi genuen aukera berriak sortu zirela eremu honetan, eta aukera aprobetxatu nahi izan dugu herritarrekin batera diseinatzeko eremuak izan beharreko erabilera, hirigintza eredu hezitzaileago bat aplikatuz”.

Prozesuak izan dituen faseen berri eman zuen, eta ekarpen guztiak aztertu ostean osatu den proposamenaren xehetasunak ere kontatu zituen. Aberasgarria izan da prozesua, besteak beste, parte hartze prozesu arruntetan gutxitan parte hartu ohi duten kolektibo eta kideen ahotsak ere jaso direlako.

Espazio librea, eta lurra berdinduta

Espazio libre baten aldeko hautua egin dute prozesuan parte hartu dutenek: oztoporik gabekoa, multifuntzionala eta goxoa izan dadila eskatu dute. Estalki bat ere izango du eremuak, frontoiari itsatsita (ongi argiztatua eta kolore ez biziekin).

Eremua bera handitu ere egingo da, zenbait aparkaleku kenduz, eta haien ordez altzariak (bankuak…) edo landareak jarriz. Harmailak, ping pongeko mahai bat eta abar ere jarriko dira plazako beste eremu batean. Horrez gain, lurra aldatu eta berdindu egingo da, irisgarriagoa izan dadin. 2025ean gauzatuko da eraldaketa.

Atzoko ekitaldian, txokolatea eta bizkotxoa hartzeko gunea, ipuinak irakurtzeko txoko bat, margotzeko mahaiak, eremuaren argazki historikoen panelak, ping pongeko mahai bat eta abar ere jarri zituzten, bizipenen bidez erakutsi nahi zelako nolakoa izango den eremua etorkizunean.