Jende ugari elkartu dute Santio eguneko ekitaldiek
2024/07/26
Berezia zen aurtengo Santio eguna, 50. aldia zuelako sagardo lehiaketak. Horregatik, ohiko lehiaketaz gain, sagardo egunarekin lotura estua duten hainbat pertsona ere omendu zituzten: antolatzaile lanetan ibili izan den Xanti Lazkano, Tolosako Batasuna elkarteko Jose Mari Olano eta epaimahaiari sagardoa ateratzen aritzen diren Iker Garate eta Alex Garmendia. Lehiaketan ere izan zen sorpresa: lehen aldiz parte hartu zuen Zeraingo Oiharte sagardotegiak, eta irabazi egin zuen.
Beste hainbat lehiaketa ere izan ziren atzo. Idiazabal jatorri izeneko artzain gazten lehiaketa Aizpea gaztandegiak irabazi zuen; bigarren Ander Barandiaran geratu zen, eta hirugarren La Lese.
Blonda arrazako ganaduen lehiaketan hainbat sari banatu zituzten. Herrian geratu ziren garrantzitsuenetakoak: ukuilurik onenaren saria Azpeitiko Eizmendik irabazi zuen, eta urrixarik onenaren saria baserri bereko Nekanek.
Cesar Valverde torneoko pilota finalak ere izan ziren goizean, benjaminaurre, benjamin, alebin eta infantil mailetan.
Arratsaldean, berriz, errekortari txapelketa egin zuten zezen plazan, eta Eusebio Sacristen 'Use' izan zen garaile berriz ere.
Lehiaketak ez ezik, bestelako hainbat ekitaldi ere izan ziren Santio Egunean. Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatuta, Nafarroako banderari omenaldia egin zioten goizean; arratsaldean, berriz, Marieta Zirkus taldearen ikuskizuna izan zen Frontoi Txikin. Musikarik ere ez zen falta izan, kalez kale ibili zirelako Azpeitiko musika banda, Izarraitz taldeko txistulariak, Kantujira taldekoak, eta Jainekin txarangakoak.
