Machine translation

Jendetza ibili da asteburuan Basazabal Jauregian

2019/01/28
Jendetza ibili da asteburuan Basazabal Jauregian

Herri erdian egonagatik, eraikin ezezaguna izan da Basazabal Jauregia, orain arte. Ostiralean ireki zen, eraberrituta. Eta herritarren jakinmina handia izan da egun hauetan; larunbatean, goiz eta arratsaldez, eta igande goizean ate irekiak izan dira eta 1.000 lagun inguru joan dira eraikina bisitatzera. Hemendik aurrera ere, irekita izango da asteartetik igandera. 


Hamarkada luzez itxita egon ondoren, ostiralean zabaldu zituzten ateak Basazabal jauregi eraberrituak. Eraikinare irekierak jakinmina eta ikusmina sortu ditu herritarren artean; izan ere, herritar ugari izan zen irekiera ekitaldian. Asteburuan izandako ate irekietan ere nabaritu da  XIV. eta XV. mendeen artean eraikitako eraikina ezagutzeko gogoa. Izan ere, larunbatean, goiz eta arratsaldez, eta igandean, goizez, 1.000 lagun inguru izan eraikina ikusten.

Bisitari asko izan dira eraikinaren historia eta berezitasunak biltzen dituen eskuorriaren ba ote dagoen galdezka. Azpeitiko Udala eskuorri osatzen ari da, eta lasrter izango da eskuragarri, Basazabaleko turismo Bulegoan. 

Asteartetik igandera irekita

Gaur itxita egonagatik, bihartik aurrera abiatuko du bere ibilbidea eraikinak, eta irekita izango da asteartetik igandera bitartean. Asteartetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da zabalik; larunbata, igande eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. 

 

Formazioa eta turismoa ardatz

4 solairu ditu eraikinak: beheko solairua eta solairuartean turismoari bideratutako eskaintza izango da. Ondorengo solairuetan, tamaina ezberdineko gelak daude, formaziorako. Gela horietan Azpeitiko Udalak Unibertsitate zein formazio zentroekin dituen aliantza estrategikoen baitan antolatzen diren ikastaroak, Udalak antolatzen dituebak eta herriko eragileek antolatu nahi dituztenak eskainiko dira, besteak beste.

Otsailaren hasieran, adibidez, bi jardunaldi garrantzitsu izango dira Basazabalen, Bigdataren ingurukoa eta adinekoen bakardadearen inguruko ikastaroak izango dira Deustorekin elkarlanean antolatuta. Bertan maila handiko profesionalek hartuko dute parte.