Itzulpen automatikoa / Machine translation

Jolasaren garrantzia aldarrikatu nahi du Azpeitiko Udalak  Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean

2025/11/19
Haurren eskubideekin lotutako bi egun garrantzitsu ditugu aste honetan: Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Erasoen Prebentziorako Nazioarteko Eguna, gaur, azaroaren 19an, eta Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna, bihar, azaroaren 20an.
Jolasaren garrantzia aldarrikatu nahi du Azpeitiko Udalak  Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean

Haurren kontrako sexu-indarkeria indarkeria matxistaren aurpegi gogorrenetakoa da, eta maiz isilean gelditzen da; gure herrian ere, izan ditugu halako kasuak eta baditugu gaur egun. Hori dela eta, halako kasuen aurkako gure gaitzespenik gogorrena adierazteaz gain, udalak ozen adierazi nahi du Azpeitiak ez duela inolako haurren kontrako indarkeriarik onartzen.

Halako kasuak errotuta daude gure inguruan, eta sarri horrek zailtzen du detekzioa eta erantzuna. Oso gogorra egiten zaigu gure inguru hurbileko norbaitek halakorik egin dezakeenik pentsatzea, baina ezinbestekoa da ohartzea indarkeria matxistak modu eta forma asko dituela eta arazo estrukturala dela. Ildo horretan, haurren eta nerabeen kontrako sexu indarkeriak salatu ahal izateko telefono zenbaki bat (688758299) eta email bat  ditu (testigantza@azpeitia.eus) udalak herritarren eskura.

Bihar, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna

Nazio Batuen Erakundeak 1989ko azaroaren 20an onartu zuen haurren eskubideei buruko hitzarmena, eta haurren eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta osasun eskubideak ezarri zituen.

Besteak beste, kategoria hauetan sailka daitezke haurren eskubideak:

  • Biziraupen eskubideak: babestu eta bermatu egin behar dira bizitzeko eskubidea eta oinarrizko premiak (osasuna, elikadura eta babesa).
  • Garatzeko eskubideak: babestu eta bermatu egin behar da garapen osoa (fisikoa, espirituala, morala eta soziala), hezkuntza, kultura, jolasa eta pentsamenduaren askatasuna, kontzientzia eta erlijio eskubideak.
  • Babestuak izateko eskubideak: babestu eta bermatu egin behar dira ez daitezen abusatuak izan, ez arduragabekeriaz tratatuak, ez esplotatuak; izena, nazionalitatea eta zainduak izateko eskubidea izan behar dute.
  • Parte hartzeko eskubideak: babestu eta bermatu egin behar da komunitateko jardueretan parte hartzea, tokikoetan zein herrialdekoetan, eta adierazpen askatasuna ere bai.
  • Entzuna izateko eskubidea: babestu eta bermatu egin behar da besteekiko errespetua. “Ez badiozu haurrari entzuten, haurrak ez die besteei entzungo”.

Eskubide horiek guztiak direla oinarrizkoak nabarmenduta ere, Azpeitiko Udalak, aurten, arreta berezia jarri nahi dio jolasaren garrantziari. Hala, gaur, herriko ludoteketako hezitzaileek hitzaldi bat eskainiko dute jolasaren garrantziaz. 18:00etan izango da, Iturritxiki ludotekan. Zaintza eta itzulpen zerbitzuak egongo dira behar duenarentzat.

Horrez gain, udalak, Oinherri Herri Hezitzaileen Sareko kide den neurrian, bat egin du egun honen harira ateratako Gora haurtzaroa manifestuarekin.