Kirol eta euskara patronatuak desegiteko lehen pausoa eman du udalak
2024/07/05
Asteartean egindako ohiko udalbatzarrean, euskara eta kirol patronatuak desegiteko prozesuari ekitea onartu zuen Azpeitiko Udalak.
1989an eratu zuten Azpeitiko Kirol Patronatua, herrian kirola egiteko ohitura sustatzeko eta kirol azpiegiturak kudeatzeko. Euskara Patronatua, berriz, 1998an sortu zuten, udalaren euskara zerbitzuak kudeatzeko.
Gaur egun, praktikan, udaleko sail bezala funtzionatzen dute batak zein besteak. Horregatik, patronatu bidez kudeatu beharrean, zuzenean kudeatu nahi ditu udalak. Era horretan, kudeaketa administratiboa arinagoa eta eraginkorragoa izango dela uste du. Haien aurrekontuak ere udalaren aurrekontuan txertatuko dira.
Eraginik ez langileei
Prozesuari orain eman zaio hasiera, eta, ondo bidean, abenduaren 31n amaituko da patronatu horien ibilbidea. Orduan hartuko ditu udalak bere gain haien kontu eta kontabilitateak, zerbitzuak eta betebeharrak.
Langileengan ez du inolako eraginik izango patronatuak desegiteak. Izan ere, gaur egun ere udaleko lanpostuen zerrendan daude euskara eta kirol patronatuko langileak. Orain arte zituzten lanbide kategoria, ordainsari, antzinatasun eta gainerako baldintza guztiei eutsiko diete.
