Itzulpen automatikoa / Machine translation

Kirol ikastaroen eskaintza, prest

2024/09/02
Kirol ikastaroen eskaintza, prest

2024-2025 ikasturtea hastear den honetan, urritik aurrera eskainiko dituen kirol ikastaroak prest ditu udalak. Parte hartu nahi dutenek irailaren 9tik 13ra eman beharko dute izena, igerilekuko harreran. Adin guztietako pertsonentzat antolatuko dira ikastaroak, eta intentsitate maila ezberdineko jarduerak egongo dira aukeran.


Esate baterako, intentsitate handiko jarduerak nahi dituztenek GAP, total training, TRX, cicling, ciclo/TRX, ciclototal training eta zumba fitness ikastaroetan izena emateko aukera izango dute; posizioaren kontrolaren bidez gorputz oreka lortu nahi dutenentzat pilates ikastaroa izan daiteke egokia (hirugarren adinekoentzako talde berezia egongo da); eta sasoian jarri nahi dutenentzat, berriz, mantentze gimnasia eta zumba gold ikastaroak izango dira.

Haur eta gazteei bideratuko ikastaroak ere egongo dira: zumba txiki (7-10 urte), zumba gazte (10-14 urte), total gazte eta TRX gazte ikastaroak. Era berean, jarduera fisiko eta kirol egokituko ikastaroa ere antolatu da.

Uretako jarduerei dagokienez, igeriketako teknifikazioa eta igeriketa ikastaroa izango dira helduentzat. Haurren taldeak adinaren arabera banatuko dira, eta hiru izango dira: 6 hilabetetik 2 urtera artekoena, 2-3 urtekoena eta 4-13 urtekoena.

Haur txikien ikastaroa urte osoan

Hain zuzen, aurtengo berrikuntza nagusia da haurtxo txikien (6 hilabete-2 urte) igeriketa ikastaroa urte guztian eskainiko dela. Oran arte, udaberriko larunbatetan bakarrik izaten zen. Udaberriko larunbatetako ikastaroari eutsi egingo zaio, baina, horrez gain, astelehen goiz eta arratsaldetan ere izango dira ikastaroak.

Urte guztiko eta lehen hiruhilekoko ikastaroen izen ematea izango da irailaren 9tik 13ra. Gainerako hiruhilekoetarako izen-emateak azaroan eta otsailean irekiko dira. Ohi bezala, igerilekuko harrerara joan beharko da izena emateko.

Onartuen zerrendak kontsultatzeko aukera

Eskainitako plaza kopurua baino eskaera gehiago dauden ikastaroetan zozketa egingo da, eta, lehen aldiz, onartuen zerrendak igerilekuko oholean eta kirol patronatuko web orrian plazaratuko dira irailaren 17tik 19ra bitartean. Era horretan, parte hartzaileei gauzak erraztu nahi dizkie udalak, orain arte igerilekura joan behar izaten baitzuten galdetzera. Ikastaroak urriaren 7an hasiko dira.

Eskaintzaren inguruko zalantzak edo informazio gehiago nahi izanez gero, igerilekuko harrerara joan behar da edo 943814121 telefonora deitu behar da.

Ikastaroen zerrenda, ordutegiak eta prezioak