Kiroletik eta jarduera fisikotik herritarrak hezteko helburuarekin hasi da Udala Kirol Plana osatzen
2021/06/03
Kirola eta jarduera fisikoa aintzat hartuta, Kirol Plana osatzen hacia da Azpeitiko Udala. Azpeitia 2030, Denon Artean etorkizuna plan estrategikoaren baitan, kirol plan integral baten beharra jaso zen. Behar horri erantzuteko asmoz jarri da Kirol Plana osatzeko prozesua abian, Baina kirol plana, zertarako? Gaur egunean herrian kirolak duen egoera ikusteko, indarguneak eta ahulguneak detektatu eta diagnostiko bat egiteko, eta, ondoren erronkak zehaztu eta herritarren bizi kalitatea kirolaren eta jarduera fisikoaren bidez hobetzeko. Gainera, kirol plan horrek datozen urteetako erronkak zeintzuk izan izango diren zehaztu, eta lanerako norabide bat seinalatuko du.
Kirol plana izanagatik, kirola eta jarduera fisikoa izango di abiapuntu planak. Udalarentzat garrantzitsua baita kirolak edo jarduera fisikoak eragin dezakeen arlo guztietan eragitea: “Filosofia gisa, garrantzitsua da kirola non kokatzen dugun eta zertarako. Azpeitiko herriarentzat garrantzitsua da kirolak duen indarra eta erabiltzaile kopurua, baina badago beste jende asko kirola edo jarduera fisikoa egiten ez duena”, adierazi du Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak. Jarduera fisikoan herritarrak heztearen garrantzia ere azpimarratu du zinegotziak: “Garrantzitsua da jarduera fisikoan heztea, gai izateko bere kabuz jarduera fisiko egoki bat egiteko. Jarduera fisikoa egitean osasuna hobetzen baitu”. Bide horretan, dagoeneko herriko kirol elkarte askok filosofia horren baitan lan egiten dutela gaineratu du: “Osasunez ondo egoteak bizitzako beste arlo askotan eragiten digu eta jarduera fisikoak eragin zuzena du osasunean”.
Askotan, jarduera fisikoa edo kirola kirol zehatz batekin lotzen da, baina jarduera fisikoaren bidez, egunerokoa hobetzeko hezi daiteke; halanola, egunerokoan nola eseri behar den ere ikas daiteke, eta horrek eragin zuzena du osasunarekin. “Hamaika kontutan hezi daitezke herritarrak jarduera fisiko on eta egoki batekin. Herri gisa, elkarlanean hori da helburua”, gaineratu du.
Kirol Management arduratuko da kirol plana egiteaz, eta Iban Amezketa teknikariak azaldu du plana osatzeko prozedura. Herrian dauden giza baliabide, baliabide material eta ekonomikoen kudeaketa egokitzea eta kirol eta jarduera fisikoaren antolaketa hobetzeko helburuarekin osatuko da plana. Horretarako, kirol eragile, kirol instalazio eta egoera soziekonomikoaren analisia eta diagnostikoa egingo dira, ondorioak ateratzeko.
Jarduera fisikorako kirol planaren oinarri izango da hori eta prozesuan, kirola edo jarduera fisikoa bultzatzen duten eragile guztiekin elkartuko dira. Kirol klubetatik edo eskola kiroletik haratago, udal kirol sailarekin, ikastetxeekin, kirol enpresekin, jubilatu elkartearekin edo Kirol Orientazio Zerbitzuarekin ere bilduko dira. Eremu bakoitzeko ardunadunekin bilduko dira eta elkarrizketa bidez, beharrezko informazioa eta iradokizunak jasoko dira. Ondoren, planaren zirriborroa aurkeztuko zaie, azken ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.
Horrez gain, herriko kirol instalazio eta kirolguneak zein egoera soziekonomikoa ere aztertuko dira. "Kirol agenteekin banan-banan hitz egiteko biltzen garenean, beste esparru horietaz ere galdetuko diegu, eta udaleko kirol sailarekin ere hasita gaude lanean azterketa hori egiteko".
Behin lan hori guztia egitean, datu objetibo horiek guztiak pilatzean planari forma emango zaio.
