Machine translation

Landa eremuko bizilagunen mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko auzo-taxi zerbitzua jarri du abian Udalak

2020/10/22
Landa eremuko bizilagunen mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko auzo-taxi zerbitzua jarri du abian Udalak

Auzoetako herritarren mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetu asmoz, Auzo-taxi zerbitzu pilotua abiatu du udalak. Auzoetan erroldatutako bizilagunek erabili ahal izango dute zerbitzua; ezinbestekoa da erabiltzaileek txartela ateratzea zerbitzua erabiltzeko. Horretarako udaletxeko Herritarren Zerbitzura joan (udaletxeko lehen solairua) edo 943 15 72 00telefonora deitu beharko dute interesa dutenek. 


Landa eremuko mugikortasuna hobetzeko ahalegin berezia egiten ari da Udala azken urteotan. Bide horretan, baserri bideak konpontzeko inbertsioa egiten du urtero, Urrestillarako bidegorria egin da eta autobusak pasatzen diren auzoetako maiztasunak handitzeko ahalegin berezia ere egin da azken urteotan. Orain, beste pauso berri bat eman, eta auzo-taxi zerbitzua abiatu du.

Denon artean prozesuaren baitan jasotako hainbat behar eta ideiari tiraka, arazoari aterabide izan daitekeen proiektu pilotu hau osatu du. Zerbitzu horren bidez landa eremuan bizi diren herritarrei Azpeitiko herrigunerako joan-etorriak egiteko aukera berri bat eskainiko zaie. Taxi zerbitzua izango dute erabilgarri, astelehenetik larunbatera bitartean, prezio murriztuan.

Zerbitzu berri hori aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izan da herriko taxilarien lankidetza. “Zerbitzu honekin, landa eremuko herritarren bizi kalitatea hobetuko dugulakoan gaude. Horregatik, bereziki animatu nahi zaitugu zerbitzua erabili ahal izateko izena eman eta parte hartzera”, adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak.

Zerbitzuaren inguruko xehetasunak

Zerbitzua astelehenetik ostiralera 07:30etik 20:30era eta larunbatetan 09:00etatik 20:30era izango da martxan. Erabiltzaileek zerbitzua erabili ahal izateko erabiltzaile txartela atera behar dute Herritarren Arreta Zerbitzuan (udaletxeko lehen solairuan edo 943 15 72 00 telefonora deituta); txartelik gabe ezingo da erabili auzo-taxia. Txartela ateratzeko honako auzoren batean erroldatuta egon beharko da: Aratz Erreka, Eizagirre, Elosiaga, Izarraitz, Loiola (diseminatua), Nuarbe, Matxinbenta, Odria, Oñatz, Oñazbidea edo Urrestillan.

Zerbitzua erabili ahalko dute txartela atera ostean, 18 urtetik gorakoek, 12-18 urte bitartekoek guraso edo tutoreen baimenarekin eta 12 urtetik berakoek, heldu batek lagunduta. Erabiltzaileak 3€ ordainduko ditu bidaiako, bakarrik joanez gero; erabiltzaile bat baino gehiago badira 1,5€ ordainduko ditu bakoitzak.

Auzoetako bizilagunek erabiltzaile txartela ateratzeko aukera dagoeneko irekita du Udalak. Txartela jaso bezain laster erabili ahalko dute zerbitzua.