Itzulpen automatikoa / Machine translation

Langabeei atentzio pertsonalizatua eskaintzeko, Enplegu Zentroa eta Orientazio Zerbitzua

2019/12/19
Langabeei atentzio pertsonalizatua eskaintzeko, Enplegu Zentroa eta Orientazio Zerbitzua

Herritarren kezka nagusienetarikoa da langabezia. "Urte ezegonkorrak eta gorabeheratsuak ari gara bizitzen ekonomian eta lan munduan, eta ziurgabetasun orokorra dugu guztiok. Gaur lana duenak, sentitzen du, agian, bihar ez duela izango. Sentsazio horri aurre egitea zaila da, baina ekonomiari eta langabeziari aurre egiteko gure esku dagoen neurri guztiak hartuko ditugu. Bide horretan, industria da Azpeitiko motorea, ehun industrial indartsua behar dugu; lanpostu gehien bertan sortzen direlako gurean, eta kalitate onekoak ere bai, orokorrean", adierazi du Nagore Alkorta alkateak.


Azken datuen arabera, azaroan, %7,8koa izan da langabezia Azpeitian, 539 langabe, hain zuzen.  Datua, eskualdeko, Gizpukoako eta EAEko batezbestekoaren azpitik dago; EAEkoa baino 3 puntu baxuagoa da: "Azken hamarkadan, gorabehera handiak izan ditu langabeziak. Eta ez gara iritsi oraindik krisi aurreko langabezia tasetara", gaineratu du.

Urte gora beheratsuak izan dira. 2010ean %8,3ko batezbesteko langabezia tasa izan zen herrian, eta, hiru urte beranduago, langabezia tasa %17,20ra iritsi zen, 2013ko urrian: "Ondoren, urtez urte pixkanaka jaisten joan da. Horretarako neurriak hartu direlako; neurriak hartu direlako Udaletik". 

Baina, gaur egungo tasa batezbestekoaren azpitik badago ere, lupa jartzen dio Udalak eta "datu esanguratsu asko" daude zenbaki baten atzean. %5,8koa da gizonen langabezi tasa, eta %10,1 emakumezkoena. "Fokua jarrita ikus dezakegu langabezia jasaten dutenen gehiengoa emakumezkoa dela, 539 langabeen artetik 342 emakumezkoak dira", azpimarratu du. Adinaren arabera 25-45 urte artekoetan da langabeziaren %46,8a eta %44,2a 45 urtetik gorakoena. Langabezia eta ikasketa mailak ere lotura dutela adierazi du: "Oinarrizko ikasketak dituzte emakume langabe gehienek, adin guztietan. Ikasketa maila handitzen doan heinean, langabezia tasa jaisten doa", zehaztu du.

Aurre egiteko baliabideak

Enplegu eta prestakuntza garapenerako tokiko politika integralak garatzeko baliabide ugari ditu Udalak: "Udalak, Iraurgi Berritzenen bidez, adibidez, langabezia zentroa eta orientazio zerbitzua eskaintzen ditu langabeentzat edo lanez aldatu nahi duten pertsonentzat. Zerbitzua bi alor nagusitan bereizten da: Enplegu eta Orientazio zentroa", adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak. 

Enplegu Zentroaren helburu nagusia da bertara joaten diren herritarrei eskualdean dauden lan eskaintzen inguruan informazioa eskaini eta bilaketa aktiboan laguntzea. Bestalde, lan eskaintzetan izena ematen laguntzeaz gain, Curriculuma eta aurkezpen gutuna prestatzen ere laguntzen zaie bertan. Enplegu zentroa astelehen, asteazken eta ostiraletan izaten da 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, Sindikatu Zaharreko azken solairuan. 

Orientazio Zentroaren bidez, berriz, lan bila dabiltzan herritarrei laguntza pertsonalizatua eskaintzea zaie. Bertan, herritar bakoitzak dituen behar konkretuen araberako zerbitzua eskaintzen da lan irteera eta prestakuntza zerbitzuetan aholkularitza eskainiz. Astearte eta ostegunetan 9:30etatik 14:00etara izaten da zabalik. 


2019an, orientazio eta lan bila 544 lagun joan dira zerbitzu horietara; 309 emakume eta 235 gizon.  Gehienbat 25 eta 45 urte bitartekoak izan ohi dira, erdiak inguru. 544 horietatik 316 langabetuak dira eta 228 lana hobetzeko asmoz joan dira. "Langabeziaz hitz egiten dugu, baina gaur egun lan baldintzak eta bizi kalitatea hobetu asmoz lan bila dabiltzanak ere ugari dira", azpimarratu du.  Heziketa mailari dagokionez, 295ek oinarrizko ikasketak dituzte, 134k lanbide heziketa eta 115ek unibertsitate ikasketak.

"Zerbitzu horiek herritarren eskura daude, eta doakoak dira. Lan bila dabiltzan herritar horiek animatu nahi ditugu etorri eta zerbitzuak erabiltzera", gaineratu du. Langabeziari aurre egiteko, zerbitzu horiek izateaz gain, Udalak ezinbestekoa ikusten du Formazio eskaintzan sakonzten joatea: "Datuek diote kualifikatu gabeko pertsona gehiago direla langabezian kualifikatuak baino. Horregatik, Azpeitiko Udalak, beste hainbat neurriz gain, azken urteotan formazioari garrantzia berezia eskaini dio. Otsailean, Basazabal Formazio Zentroa irekita, pauso garrantzitsu bat eman zen, eta ordura arte hainbat unibertsitate eta eragilerekin abiatutako ibilbidean oinarria jarri zen", zehaztu du. bide horretan, lan mundurako baliagarria den formazio eskaintza egiten jarraitzeko konpromisoa ere berritsu dute.