Larringo eremua garatzen jarraitzeko plan partzialari behin-behineko onespena eman dio udalak
2023/05/11
Azpeitiko industria beharrei erantzuteko helburuz, 2020ko azaroan Larrin eremua garatzeko konpromisoa sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak. Eta, orain, tramitazio horren baitan Larrin 22HE-ko Plan Partzialaren behin-behineko onarpena eman dio udalak dokumentuari, alkate dekretuz.
Beraz, Larrin industria eremu bilakatzeko pauso bat gehiago eman da, eta udala bide horretan hartutak konpromisoak gauzatzen ari da. “Enplegua, lana eta ekonomia” bultzatzeko helburuz abiatutako proiektua da Larrin egitea eta azpiegitura industrialak “jarduera industriala berreskuratzeko abiaùntua” direla azpimarratu du Nagore Alkorta alkateak.
Ildo beretik, lur industrialak egokitu eta eskuratzea estrategikoa dela azpimarratu du: “Landetan eskuhartzen ari zaharkituta eta degradatuta dagoen eremuari buelta emateko, baina gaur egungo industria beharretara egokitutako eremuak sortzea eta eskura jartzea ere ezinbestekoa da industria berria erakartzeko. Eta horixe izatea nahi dugu Larrin”. Horretarako, inbertsio publiko garrantzitsua egitea aurreikusten da; 20 milio ingurukoa.
Plan partzial berri honen onarpenaren bidez, aurrez indarrean dagoen plan partzialean aurreikusitako antolamendu irizpideak aldatzea onartu da; eskualdeko enpresek dituzten beharrekin bat ez duelako egiten. Hau da, industria txikiko zonalde bat izatetik tamaina jakin bateko enpresak kokatzea ahalbideratuko duen pzartzel handiak gauzatzera pasatuko da. Helburu nagusi horretatik habiatuta, bestelako antolamendu irizpideak ere zehaztu dira. Hala nola, Hiri antolamendu Orokorrean aurreikusitako zehaztapenetara egokitzen den antolamendua diseinatzea; eraikuntza-tipologien aukera bat aurreikustea , bai pabiloi modularrak eraikitzeko, bai tamaina ertain edo handiko industriak ezartzeko; barneko bide sare sinplea diseinatzeq zerbiztu sareak kontzentratu ahal izateko; urbanizazio kostuak gutxitu eta arrazionalizatzea, ingurumena berreskuratzeko ekintzak aurreikustea eta eremuan dauden bi erreken ertzetako landareri potentziala bertako espezieekin lehengoratzea.
Industriagunearen xehetasunak
Larrin poligonoaren jarduketa eremua 210.210 m²-ko azalera baten gainean dago, eta hasierako bideragarritasunaren azterlanak 4 partzela handi urbanizatzeko proiektua aurreikusten du, 15.072 m²-tik 49.800 m²-ra bitarteko azaleretatik ateratzen direnak. Hau da, guztira 107.409 m2 industriarako lurzatia. Oinplanoko gehieneko okupazioaren azalera 64.445 m2koa izango litzateke eta solairuarteko aprobetxamendua %25ekoa, hau da, 16.111 m²-koa. 20 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusia dute.
Tokiko garapen ekonomikoarekin eta lurralde-ikuspegiarekin bat datozen helburuak lortzeko lankidetza eta konpromiso publikoaren adibidea da Larrin. Gainera, industria berriaren benetako beharrei erantzuteko enpresa-inguruneak zabaltzen, garatzen eta modernizatzen laguntzen du.
