Itzulpen automatikoa / Machine translation

Lau bikote lehian, Azpeitiko Erremonte Txapelketa nork irabaziko

2024/11/20
Lau bikote lehian, Azpeitiko Erremonte Txapelketa nork irabaziko

Ostiralean (azaroak 22) hasiko da txapelketa, finalaurrekoekin, eta irabazleek hurrengo ostiralean (azaroak 29) jokatuko dute finala. Izarraitz pilotalekuan izango dira partidak, 19:30ean hasita.


Atzo egin zuten txapelketaren aurkezpena udaletxean. Han izan ziren Ion Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua, Josemi Leatxe E-Remonteko bazkidea eta txapelketan parte hartuko duten erremontistak. Tartean hiru azpeitiar daude: Ion Etxeberria, Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Igor Agirrezabala.

Oteizak aurkezpenean esan zuenez, pilotaren modalitate ezberdinez gozatzeko aukera ematen du Izarraitz pilotalekuak, eta “pozgarria” da erremontista profesionalen arteko partidak ikusteko aukera izatea aurten ere. “Erremontea indartzen laguntzen jarraitu nahi du udalak, eta gustura gaude beste behin jokatuko delako Azpeitiko Erremonte Txapelketa”.

Finalaurrekoetako lehen partidan, ostiralean, Zeberio II.a-Otano Matxin III.a-Agirrezabalaren aurka arituko dira, eta bigarren partidan, Uterga-Mitxeo Otxandorena-Ionen aurka. Bi bikote irabazleek jokatuko dute finala, azaroaren 29an, eta beste biek hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute.

Bi jaialdietako irabaziak Valentziara bidaliko dituzte, denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko.