Lau emanaldirekin dator aurtengo Azpeitia Dantzan
2024/06/27
Azpeitia Dantzan programari esker, dantzak protagonismo berezia izango du datozen asteburuetan. Lau ikuskizun izango dira guztira, horietatik hiru Soreasu antzokian. Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, baina komeni da sarrerak hartzea, edukiera mugatua duelako aretoak.
Asteburu honetan, hitzordu bikoitzarekin hasiko da Azpeitia Dantzan. Larunbatean, 19:00etan, Luis Alberdi dantza suelto eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen emanaldia izango da, Soreasu antzokian. Igandean, berriz, Sahatsa dantza taldekoen txanda izango da, 19:30ean, plazan.
Uztailaren 7an (igandea), saloiko dantzak egingo dituzte Jose Mari Orbegozo dantza eskolako ikasleek, 19:00etan, Soreasun. Astebeteko etenaren ostean, azken emanaldia ere Soreasun izango da: uztailaren 21ean (igandea), 19:00etan. Hain zuzen, Itsasi dantza taldekoek itxiko dute aurtengo Azpeitia Dantzan programa.
