LED teknologiako argiak jartzen ari da udala herriko sei luminariatan
2024/12/04
Azpeitiko Udala herriko argiteria publikoa berritzen ari da. Gaur egun dauden argien ordez, LED teknologiako argi berriak jarriko ditu herriko sei luminariatan. Lanak dagoeneko hasita daude, eta urtea amaitzerako amaitzea aurreikusten da.
Joanes Amenabar udaleko Ingurumen batzordeburuak azaldu duenez, energia trantsizioari begira, “ezinbestekoa” da kontsumoa murriztea, eta horretarako aukera emango dute argi berriek: “LED argi hauekin, kontsumoa %17,5 gutxitzea espero dugu”. Hain zuzen ere, 2023an, 1.199,957Kwh-koa izan zen argiteria publikoaren kontsumoa. Kalkuluen arabera, 209.664 kWh gutxiago kontsumitzea ekarriko dute orain jarriko diren argiek (49,92 49,92kW (potentzia murrizketa) x 4.200 lan-ordu erabilita erreferentziatzat estipulazioetarako).
Horrez gain, kostu ekonomikoan ere aurrezpen nabarmena eragingo dute. “2023ko ekainetik 2024ko ekainera, udalak 190,28€/Mwh ordaindu du. Argiteria publikoan instalatuko diren argiekin, 40.000 euro aurreztuko genituzke”.
Argi berriak honako kale edo eremu hauetan jarriko dira: Arretxe kalea, Landeta etorbidea (Arretxeko koadroa); Loiolako Ignazio etorbidea (Loiolako Ignazio 79ko koadroa); Artzubia etorbidea, Ondarra kalea, kiroldegiko kanpo eremuan GI-2634ko argiteria; kiroldegiko aparkalekua, padel eta tenis pistetako argiak; Amue kaleko zati bat (kiroldegi ondoko koadroa); Zubizar kalea, Aitzuriaga kalea, Landeta etorbidea, Antzibarrena kalea (Landeta 18ko koadroa); Loiolako Ignazio hiribidea (Loiolako Ignazio 47ko koadroa); GI-2634ko argiteria, Perdillegi kalea, Jose Artetxe kalea (Euskal Herria auzoko koadroa).
Udalak 153.400 euroko inbertsioa egingo du argi berriak instalatzeko, BEZ kontuan hartu gabe. Herriko argiteria publikoaren zati batean duela urte batzuk instalatu ziren LED teknologiako argiak. Amenabarrek iragarri duenez, pixkanaka, herri osoko argiteria publikoan jarriko dira mota horretako argiak.
Futbol zelaiko argiak ere aldatuta
Garmendipeko eremuan dauden hiru futbol zelaietatik gehien erabiltzen den zelaiko argiteria sistema guztia ere aldatu egin du udalak. Izan ere, aurreko argiteria sistema zaharkituta zegoen, eta arazo asko ematen zituen.
Kontsumo baxuko LED sistema jarri du, eta argiteria hori kudeatzeko sistema ere bai. Kudeaketa sistemak erabilera optimizatzeko aukera emango du, adibidez, futbol zelai erdia bakarrik argiztatzekoa, potentzia ezberdinak erabiltzekoa (partidetan %100, entrenamenduetan %80…).
Sistema berriari esker, %40 aurrezpena izango da kontsumoan, hau da, urteko 24,36MWh-ko eta 4.600 euroko aurrezpena.
