Leire Derteanoren kartelak iragarriko ditu bigarren urtez jarraian Euskal Antzerki Topaketak
2024/06/25
Udazkenean egingo dira 42. Euskal Antzerki Topaketak, eta, abiapuntu gisa, kartel lehiaketa antolatu du aurten ere Azpeitiko Udalak. Hamasei lan aurkeztu dira, eta Leire Derteano oñatiarrak aurkeztutako lana aukeratu du epaimahaiak. Bigarren aldiz jarraian irabazi du.
Iazkoarekin alderatuta, kartel oso ezberdina dela esan du Derteanok berak. “Iaz, ilustraziora jo nuen; aurtengoan, berriz, diseinu grafikora gehiago. Elementu geografikoak sartzea, eta, aldi berean, kolore asko izatea nahi nuen, aurreko urtekoak bazuelako ukitu ilun hori”. Kartelenean, teloi bat ageri da erdi zabalik, eta begi bat nabarmentzen da. “Teloiaren atzeko aldean dago, eta ez dakigu oso ondo nora begira dagoen: publikoa balitz bezala barrura begira, edo, alderantziz, antzezlea publikoari begira balego bezala”.
Udaleko ordezkariek, Arte eta Diseinu Eskolakoek, Kulturaz kooperatibakoek eta UKTko kideek osatu dute epaimahaia. Herritarrek dagoeneko izan dute kartela ikusteko aukera. Izan ere, ekainaren 10etik 16ra, erakusketa bat egin zen Betharram aretoan lehiaketan parte hartu duten kartel guztiekin.
