Leku berezietara eramango du musika 'Udako Musika Printzak' ekimenak, aurtengoan ere
2023/07/10
Uztarilaren 13, 16 eta 22an, Frantziskanetako eliza atarian, Parrokian eta Loiolako Basilikan egingo dira aurtengo kontzertuak
Beste urte batez jarraian, aurten ere, uztailean musika herriko txoko berezi eta ikusgarrietara eramateko ekimena antolatu da: Udako Musika Printzak. Hirugarrenez antolatu da eta uztailaren 13tik 22ra bitartean hiru kontzertu eskainiko dituzte. Kartela, Pablo Soraluze azpeitiar eskulturgilearen lan batean oinarrituuta osatu dute.
Aurreko bi edizioetako arrakasta ikusirik animatu dira aurtengoan ere ekimena antolatzera eta Aitor Larrañaga zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie egindako lanagatik: “Eskertzekoa da kultura sustatzeko eta zabaltzeko, beste behin, egindako lana. Uda sasoia aprobetxatuz herriko ez-ohiko lekuetara kultura eraman eta hainbat leku ezagutarazteko ekimen aproposa da eta herritar oro animatzen ditut kontzertuetara joateko”.
Ignacio Arakistain da ekimenaren sustatzaileak aurten ere parte hartuko du eta lehenik eta behin eskerrak eman nahi izan ditu: “Eskerrak eman beste urte batez Kulturazi zein kontzertuetan parte hartuko duten musikari eta artista guztiei. Baita, bereziki Frantziskanetako monjei ere”. Herritarrak gonbidatzeko aukera ere ez du galdu: “Animatu herritarrak etor daitezen ekitaldi berezi zein mimoz landutako hauetara”.
Hiru kontzertu
Uztailaren 13an, ostegunean, 21:00etan hasita, Frantziskanetako eliza atarian klarinete eta piano kontzertua eskainiko da. Claudia Alduncin andoaindarra klarinetean eta Ignacio Arakistain pianoan direla, XIX. eta XX. mendeetako musikarien musika interpretatuko dute; Schumann, Poulenc eta Horovitz-en lanak, hain zuzen. Aukera paregabea izango da Azpeitiko txoko berri bat begirada berritu batekin ezagutzeko. Eskerrak eman bertako monjei lekua uzteagatik.
Uztailaren 16an, igandean, 19:00etan Eragiyok abesbatzaren kontzertua izango da Soreasuko Sebastianen Parrokian. ERAGIYOK Abesbatza duela zenbait urte sortu zuten Astigarraga eta Donostialdeko zenbait abeslarik. Gizonen koruek Euskal Herrian betidanik izan duten tradizioari jarraiki, euskal folklorea eta musika klasikoaren lan garrantzitsuenak interpretatzeko asmoarekin sortu zuten hamabost-hogei lagunez osatutako abesbatza hau.
Eta, uztailaren 22an, larunbatean, 20:30ean hasita Loiolako basilikan Zure eskutik mundurantz ekitaldi artistikoa izango da ikusgai. Azpeitian Missa in honorem Immac Concept B. M. V Vicente Goicoechea arabarraren lana interpretatuko dute Ignacio Arakistain organoan lagun dutela. Bigarren zatian, euskal folklorearen lanketaren erakusgarri izan diren Sabin Salaberri, Jesus Guridi edo Luis Arambururen lanak interpretatuko dituzte, besteak beste.
Pablo Soraluze azpeitiar eskulturgilearen lana du ardatz Zure eskutik mundurantz topaketa artistikoak. San Joan Gurutzekoaren olerki baten hitzei jarraituta, Juan Kruz Igerabide idazleak interpretazio berri bat egingo du isiltasunaren, barnekotasunaren eta bizitzako zalantza eta zidorren inguruan. Musikari eta artista hainbatek lagunduta, Loiolako Baselizari itxura berri bat eman nahi diote artistek Kulturaz, Azpeitiko Kultur Kooperatibaren laguntzaz.
