LGTBI+ bizitza eta errealitateak, argitara
2024/06/14
Azpeitiko Udalak amaitu berri du LGTBI+ errealitateen diagnostiko eta ekintza plana. Jasotako ondorioak liburuxka batean bildu ditu, eta datorren ostiralean (ekainak 21) izango da aurkezpen publikoa, festa giroan, Sanagustin kulturgunean.
Azpeitiko LGTBI+ errealitateen diagnostiko eta ekintza planaren berri emateko nahiz LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren (ekainak 28) harira antolatutako ekitaldien berri emateko, prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Nagore Alkorta alkateak, Malen Aldalur Azpeitiko Udaleko Parekidetasun teknikariak, Ione de la Cruz Emakume Txokoko teknikariak eta Iñi Etxezarreta eta Kattalin Miner Eihera kooperatibako kideek.
Adibide batekin hasi du hitzartzea Alkortak: “Ganbarekin askotan gertatzen da: badakizu txukundu beharra daukazula, baina utzi eta utzi egiten duzu; azkenean txukuntzen duzu, eta ondo sentitzen zara, baina lan hori alferrik izaten da berriz ere dena behar bezala jasotzen hasi ezean”. Alkortak esan du pentsatzekoa zela herriko LGTBI+ kolektiboko kideen bizipenak ez zirela samurrak izango, baina orain arte ez zaiola heldu izan gaiari. “Orain, diagnostikoa osatu dugu, eta pozik gaude. Baina txukunketarekin esan dudan bezala, diagnostikoak ez du ezertarako balioko baldin eta gero ez baditugu pauta batzuk jartzen ikusitako hori konpontzeko. Horregatik, oso garrantzitsua da diagnostikoarekin batera osatutako ekintza plana ere”.
Udalaren leloari (Azpeitia denontzat) erreferentzia eginez, diagnostikoak herri bizigarriago bat lortzen laguntzea nahiko luke Alkortak. “Horregatik, bene-benetan eskertu nahi diet parte hartu dutenei haien zintzotasuna eta parte-hartzea”.
31 norbanako eta eragilerekin osatutako diagnostikoa
Eihera kooperatiba arduratu da diagnostikoa lantzeaz. 31 norbanako eta eragilerekin bildu dira, hiru fasetan. Lehen fasean, LGTBI+ kolektiboko 19 pertsonarekin banakako elkarrizketak egin zituzten (Azpeitian jaio eta kanpoan bizi direnak nahiz Azpeitian edo Azpeititik kanpo jaio eta herrian bizi direnak). Bigarren fasean, herriko eragileekin (jubilatuak, kultur elkarteak, hezkidetza…) egin zituzten lan saioak. “Askotan ematen du LGTBI+ bizitzak eta errealitateak hobetzea LGTBI+ pertsonen ardura bakarrik dela, baina denon ardura da herri bizigarri eta eroso bat sortzea”, esan du Etxezarretak. Hirugarren fasean, udaleko ordezkariekin egon ziren (udal gobernukoekin, oposiziokoekin eta teknikariekin), “ikuspegi teknikoago bat jasotzeko”.
Diagnostikoa narrazio moduan idatzitako liburuxka batean jaso dute, eta gaur zortzi (ekainak 21) izango da aurkezpena, Sanagustin kulturgunean. Eraso LGTBIfobikoak, aisialdi edo parrandarako gune gozagarrien falta, desira askatasunez bizitzeko mugak, jasotako begirada eta iruzkin desegokiak… Gogorrak dira diagnostikoan ageri diren gauzak. “Baina Azpeitiari beste leku batetik begiratzeko eta gure begirada fintzeko aukera bezala hartzea nahiko genuke”, gaineratu du Minerrek.
Aurkezpenaren ostean, 19:00etan, Popperra, afterra, utopia ikuskizuna eskainiko dute Miren Narbaizak eta Danele Sarriugartek. Ondoren, bertso poteo queerra izango da Maider Arregi eta Aner Peritz bertsolariekin, Sanagustinetik hasita. Horrez gain, hurrengo egunetan ere hainbat ekitaldi izango dira:
- Ekainak 25 (asteartea), 19:00etan: Zinegoak. LGTBI+ film laburren emanaldia. 6 proiektu aurkeztuko dira, eta Alex Agirre Precoz film laburraren zuzendariekin solasaldia ere izango da. Soreasu kulturgunean.
- Ekainak 26 (asteazkena), 18:30ean. Mahai-ingurua: Trans errealitateak. Hango eta hemengo bizipenak ezagutzen. Dinamizatzailea: Eder Iturralde. Hizlaria: Fernanda Falcao. Basazabal Jauregian.
Asteartean, ezohiko udalbatzarra
Era berean, datorren asteartean, ekainak 18, ezohiko udalbatzarra egingo dute udal ordezkariek. Bi puntu landuko dituzte: alde batetik, Azpeitiko LGTBI+ errealitateen diagnostikoa eta ekintza plana onartzea; bestetik, ekainaren 28ko Sexu Askatasunaren Nazioarteko Eguneko Adierazpena onartzea. 19:00etan hasiko da udalbatzarra.
