LGTBI+ errealitateen diagnostikoa eta Ekainaren 28ko adierazpena, onartuta
2024/06/19
Ezohiko udalbatzarra egin zuten, atzo, udal ordezkariek. Bi puntu landu zituzten: alde batetik, Azpeitiko LGTBI+ errealitateen diagnostikoa eta ekintza plana; bestetik, ekainaren 28ko Sexu Askatasunaren Nazioarteko Eguneko Adierazpena. Biak aho batez onartu zituzten.
Hain zuzen ere, udalak ostiralean aurkeztuko du herritarren aurrean LGTBI+ errealitateen diagnostikoa eta ekintza plana. Sanagustin kulturgunean izango da ekitaldia, 18:00etan hasita. Aurkezpenaren ondoren, Popperra, afterra, utopia ikuskizuna eskainiko dute Miren Narbaizak eta Danele Sarriugartek. Haren ostean, berriz, bertso poteo queerra izango da Aner Peritz eta Maider Arregi bertsolariekin.
Datozen egunetan ere zenbait ekitaldi izango dira. Ekainak 25ean, asteartean, 19:00etan, Zinegoak jaialdiaren barruan, sei film labur ikusteko aukera izango da Soreasun; eta ekainak 26an, asteazkenean, 18:30ean, Trans errealitateak. Hango eta hemengo bizipenak ezagutzen mahai-ingurua izango da Basazabalen.
Era berean, ekainaren 28ko Sexu Askatasunaren Nazioarteko Egunari begira onartutako adierazpenean, udal ordezkariek herritarrei dei egin diete kaleak hartzera eta LGBTI+ kolektiboaren aldarrikapenekin bat egitera.
