Itzulpen automatikoa / Machine translation

Loiola + ibilbidea aurkeztu dute aisialdi eta turismo aukera berriak sortzeko helburuz

2022/12/16
Loiola + ibilbidea aurkeztu dute aisialdi eta turismo aukera berriak sortzeko helburuz

Azpeitiko Udalaren ekimenez sortu da Loiola + zailtasun ertain-txikiko ibilbidea. Saninaziorekin harremana duten lekuak lotzen dituen ibilbide zirkularra da eta natura, kultura eta espirialtasuna uztartzen ditu 13, 6 kilometroan.


Azpeitian turismo eta aisialdi berriak sortu eta Azpeitia natur, kultura eta espiritualtasun aukerak ezagutarazteko helburuz, Inaziotar Urtearen baitan sortu da Loiola + ibilbidea, Azpeitiko Udalak sustatuta. Urtemugak pasatuta erabilgarri izango den zerbait sortzea izan da helburua. Gaur aurkeztu dute Loiolan proiektu berria, Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzenek eta Jesusen Lagundiak.

Ibilbideari dagokionez, zailtasun ertain-txikia du eta 13,6 kilometroko distantzian 685 metroko desnibela du eta hiru orduan egin daiteke. Ibilbideak lau mugarri nagusi ditu: Madalenako Ospitalea (ibilbidearen hasiera eta bukaera gunea), Egibar baserria, Loiolako Santutegia eta Oñatz auzoa. Ibilbidearen lanketa eta garapena Iraurgi Berritzenek egin du Jesusen Lagundiarekin elkarlanean.

Natura, kultura eta espiritualtasuna batzen dituen ibilbide tematikoa da. Lau mugarri edo geldiguneak erraz identifikaut daitezke; izan ere, mendi-ibiltariak San Inazioren silueta irudikatzen duen totem bat aurkituko du lekura iristean. Totem bakoitzak ibilbidearen informazio praktikoa dauka: kokapena eta distantziak, San Inaziok gune horrekin duen loturari buruzko informazio historikoa eta gida espiritual laburra.

Barnekotasuna lantzeko edo espiritualtasunaren alderdian sakontzeko bitakora koaderno bat ere sortu da, ibilbidea egiterakoan hala nahi duenak esperientzia osoago bat bizi ahal dezan. Hori izan da Jesusen Lagundiak egitasmo honi egin dion ekarpena.

Ibilbidea ezagutarazteko loiola-gehiago.com webgunea ere sortu da eta bertan ibilbide osoaren xehetasunak eta nondik norako guztiak aurki daitezke. Horretaz gain, Azpeitiko Turismo Bulegoan eta eskualdekoan, Loiolan, informazioa biltzen duen eskuorriak izango dira eskuragai.