Marian Ibarluzearen hilketa matxista salatzeko kontzentrazioarekin bat egiten du Azpeitiko Udalak
2021/01/03
Pasa den abenduaren 26an Marian Ibarluzea arrasatearra bere bikoteak hil izana gogor salatu nahi du Udalak. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei bere elkartasuna ere adierazi nahi die. Horrekin batera, hilketa salatzeko gaur 18:00etan, Basanderiek taldeak deitutako kontzentrazioarekin bat egiten du.
Indarkeria matxista gizon eta emakumeen berdintasun gabeziatik sortutako arazo benetan larria da gizartean. Udalak giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi nahi du; ez Azpeitian eta ez beste inon ere; eta urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du.
Erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara dei dezakete herritarrek.
Horretaz gain, egunerokoan ikastetxeetan Udalak bultzatutako hezkidetza programen bidez zein beste hainbat ekimenen bidez pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela berretsi nahi du.
Erasoren baten aurrean, honako telefonoetara dei dezakezu:
Udaltzaingoa: 943 15 13 13
Ertzaintza: 943 08 37 80
Larrialdi Zerbitzuak: 112
