Mural berri bat, Sanjuandegiko pasabidean
2025/02/04
Jose Artetxe kaletik Sanjuandegira doan lurpeko pasabideari argitasuna emateko eta gune politago bat sortzeko asmoz, mural bat margotuko du Udane Juaristi artista azkoitiarrak eremu horretan. Gaur hasi da lanean, eta pare bat aste barrurako amaitzea aurreikusten du.
Muralaren sormen prozesuan, LGTBI+ topaketetan parte hartzen duten herritarrek ere egin dituzte ekarpenak. Hain zuzen, iaz egindako LGTBI+ diagnostikoan atera zen ondorioetako bat izan zen ikusgarritasun gutxi zuela kolektiboak herrian, eta muralaren bidez, presentzia hori areagotzen ere lagundu nahi da.
Sanjuandegira doan pasabidea herriko puntu beltzetako bat da. Eremu horretan beste mural bat ere badago aurrez, eta haren ondoan egingo du Juaristik mural berria, hau da, beste aldeko horman. Hain zuzen ere, 2021ekoa da orain dagoen murala. Emakume Mahaiak antolatuta, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko ekitaldien barruan, hainbat herritarren artean margotu zuten. Ainara Azpiazu Axpi artista hernaniarra arduratu zen muralaren diseinuaz.
