Nagore Alkorta: "Baliabide guztiak jarri ditugu ezohiko egoera honi eraginkortasunez aurre egiteko"
2020/04/15
BIDEOA Hilabete da, alarma egoera ezarri eta herritarrak konfinamenduan daudela. Nagore Alkorta alkatearen hitzetan "gogorra" izan da, baina baikor dago eta egoera zailari " aurre egiten ari gara, egunez egun". Osasun eta erresidentzietako langileak, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonak, adinekoan, haurrak eta koronabirusaren proban positibo eman dutenak, ingurukoak eta senide edo lagunen bat galdu, eta behar bezala agurtzeko aukerarik izan ez dutenak ere izan ditu gogoan.
Azpeitiarrek hasieratik, "egoera babesgabeenean daudenei laguntzea denon ardura dela garbi ikusi" dutela adierazi du eta herritar "askok" ondokoari laguntzeko apostua egin dutela nabarmendu du.
Udalari ere egokitzea tokatu zaio eta "eskura ditugun baliabide guztiak jarri ditugu ezohiko egoera honi eraginkortasunez aurre egiteko". Lehen egunetik, gizarte zerbitzuak indartu eta hainbat zerbitzu jarri dira abian: 2.000 familiari deitu zaie, eta haietatik 200 pertsona inguru ari dira oinarrizko laguntzak jasotzen, boluntarioen eta udal langileen bitartez. Hainbat dendari eta enpresari esker, koronabirusetik babesteko materiala banatu da herriko osasun etxe, San Martin egoitza, farmazia eta dendetan. Neurri bereziak hartu dira baserritarren azoka egiten jarraitzeko. Kaleko desinfekzio lanak indartu dira. Elikagai bankuaren zerrenda eta maiztasuna zabaldu dira; eta ikastetxeekin elkarlanean, bideak jarri dira herriko haur guztiek aukera izan dezaten eskolak telematikoki jarraitzeko.
Horrez gain, ordea, neurri ekonomikoak ere hartu ditu udalak eta diru laguntza lerro berriak ireki eta lehendik zeudenak egokitu dira.
Pixkanaka egoera honetatik ateratzeko bidea ikusten hasiko garela adierazi du bukatzeko: "Eta bide hori ere denon artean egin nahi dugu. Ez da erraza izango. Baina, elkarrekin lan egiten badugu, Azpeitiak badu gaitasuna erronka honi erantzuteko. Udala ere behar den horretara egokitzeko prest daukagu. Eta ziur nago, guztion artean asmatuko dugula datorrenari baikortasunez aurre egiten. Krisi honetatik, denok batera, inor atzean utzi gabe eta herri hobeago bat eraikiz aterako gara".
