Itzulpen automatikoa / Machine translation

Nagore Alkorta izango da berriro Azpeitiko alkatea

2023/06/17
Nagore Alkorta izango da berriro Azpeitiko alkatea

12:00etan, udaletxeko pleno aretoa beteta zela hasi da kargu hartze plenoa gaur, ekainak 17. Zinegotzi karguei zin egin ostean, alkatea aukeratzeko botazioa egin da eta Nagore Alkorta Elorza izango da, berriro, datozen lau urteetako alkate, 9 boto jaso ostean; Jabier Altunak 7 jaso ditu.

Alkortak hunkituta hartu du hitza berriro alkate izendatu ostean: "Lau urte pasa dira azpeitiarrek lehenengo aldiz Azpeitiko alkate izateko aukera eta eta ohorea eman zidatenetik. Azkar esaten da, lau urte, baina lau urte lanez beteak, proiektuz beteak, zailtasunez eta erronkez beteak izan dira. Lau urte pasa dira Azpeitiko lehen emakume alkatea izateko aukera eman zenidatenetik. Eta hemen gaude berriz. Horregatik, lehenik eta behin, eskerrik asko bihotz-bihotzez Azpeitiko herriari".


Gaur 12:00etan, pleno aretoa herritarrez beteta zela eratu da 2023-2017 agintaldirako udal korporazio berria. Maiatzaren 28ko hauteskundeetatik hiru astera hartu dute kargu publikoa zinegotzi berriak. Hala, gaurtik aurrera, EHBilduko alkatea eta 9 zinegotzik eta EAJ-ko 7 zinegotzik osatuko dute udalbatza: Nagore Alkorta, Leire Goenaga, Joanes Amenabar, ander Larrañaga, Leire Sasasua, Mikel Odriozola, Idurre Zabaleta, Jon Oteiza, Aitor Larrañaga eta Miren Arrieta izango dira EH Bilduko hautetsiak. EAJkoak, berriz, Jabier Altuna, Nerea Aldai, Antonio Gallarin, Hegoa Larzabal, Jokin Badiola, Edurne enparan eta Alexander Silva izango dira.

Zinegotzi karguari zin egin ostean, alkate izendatzeko botazioa egin dute eta Nagore Alkortak bederatzi boto jaso ditu eta Jabier Altunak zazpi (Miren Arrieta ez da plenoan izan); beraz, Alkorta izango da datozen lau urteetan ere Azpeitiko alkatea, bigarrengo agintaldia izango du jarraian. Aitor Larrañagak eman dio aginte makila Alkortari eta alkate aulkian eserita, hunkituta, eskerrak ematen hasi du hitzartzea: " Lau urte pasa dira azpeitiarrek lehenengo aldiz Azpeitiko alkate izateko aukera eta eta ohorea eman zidatenetik. Azkar esaten da, lau urte, baina lau urte lanez beteak, proiektuz beteak, zailtasunez eta erronkez beteak izan dira. Lau urte pasa dira Azpeitiko lehen emakume alkatea izateko aukera eman zenidatenetik. Eta hemen gaude berriz. Horregatik, lehenik eta behin, eskerrik asko bihotz-bihotzez Azpeitiko herriari". 

"Pozez, erantzukizunez eta arduraz" hartzen duela berriro alkate izateko erronka adierazi du. "Azpeitiar guztiengan pentsatzen gobernatuko dugu, gure herriaren erronka nagusien aurrean herri gisa jokatu behar dugula sinisten dugulako. Azpeitiar guztientzat eta batez ere azpeitiar guztiekin gobernatu nahi dugu", jarraitu du. Gobernatzeko duten eran sakontzeko konpromisoa ere adierazi du, eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeei egin die erreferentzia: "gure gobernatzeko eran, zaintza lanetan aritzen diren emakumeen adorea, profesionaltasuna eta kemena nahi nuke izan. Askotan, gehiegitan errekonozimendurik gabea. Haien eredua presente izango dut eta eredu horretatik, bizitza bera jarri nahi nuke erdigunean".  Azpeitira bizitzeko aukera berrien bila etorri ziren eta datozenene "indarra eta ausardia" nahi dituela eta "beraien lanaren eta kulturaren ekarpena egiten digutenen eredua nigan egongo" dela azaldu du.  Natur ingurunearen "babesa eta harekiko maitasuna dutenen kontzientzia presente" izango dituela erronka berriei ekiterakoan ere azaldu du. Eta kultura eta hizkuntza "maite, dinamizatu eta arnasberritzen dutenen ekina nere egin nahi nuke Azpeitia gobernatzean". 

Oinarrizko beharren aurrean zaurgarrien diren azpeitiarrak, eta batez ere, emakumeak; aukera berriak sortzeko eta bide berriak ibiltzeko ekintzailetasuna eta kemena duten azpeitiarrak eta lan eskuzabalarekin Azpeitia bizia posible egiten duten elkarte, sare eta kolektiboetan ari diren azpeitiarrak eguneroko lanean presente izango dituela hitz eman du.  

Elkarlanerako eskua luzatuta

Herri gisa jokatu, herri gisa ekiteko eskua luzatu die udaleko gainerako ordezkariei eta, batez ere, azpeitiarrei Azpeitiak dituen epe labur, ertain eta luzeko erronkei herri gisa aurre egiteko: "Azpeiti hobe bat, justuago eta bizigarriago bat egiten jarraitzeko".

Bukatzeko, lehen alkate emakume izaterari egin dio erreferentzia: "Ederra da maite duzun herriaren ordezkaria izatea. Are ederragoa, zure aurretik aukera hori izan ez zuten emakumeen ordezkaria ere izatea. Ohorea da lau urte eta gero berriz ere Azpeitiko alkate izatea eta Azpeititik mundu hobe baten alde lan egiteko aukera izatea".

Jabier Altunak ere hartu du hitza. "Herriak oposizioan jarri gaitu eta oposizioa egingo dugu. Hitz ematen dut oposizioa errespetuzkoa eta leiala. Gu programa batekin gatoz eta hori defendituko dugu. Zuen proposamenak herriaren onerako direla uste dugunean babestuko ditugu eta bestela oposizioa egingo dugu. Esan bezala leialtasunez eta errespetuz".  

Alkatearen hitzartzea

 

Kargu hartzea irudietan

IMG 2548

IMG 2480

IMG 2493

IMG 2509

WhatsApp Image 2023 06 17 at 15.06.26

WhatsApp Image 2023 06 17 at 15.09.20

WhatsApp Image 2023 06 17 at 15.09.20 1