Machine translation

Naiara Orbegozo, Hizkuntzen Ginkanako txapeldun

2024/12/03
Naiara Orbegozo, Hizkuntzen Ginkanako txapeldun

Euskararen Eguna baliatu du Azpeitiko Udalak Hizkuntzen Ginkanako saria banatzeko. Biele enpresako Naiara Orbegozo izan da aurtengo irabazlea, eta lantegira bertara joan dira saria ematera Aitor Larrañaga Euskara batzordeburua eta Alaitz Imaz Eleguneko teknikaria.


Azpeitiko Udalaren Elegune zerbitzuak laguntza ematen dien zazpi enpresatako langileen artean egiten den zortzi galderako jokoa da Hizkuntzen Ginkana. Azaroko ostegun guztietan bidali zaizkie parte hartzaileei bina galdera, eta astelehenera arteko epea izan dute erantzuteko.

Elegunerekin lanean diharduten zazpi enpresatako 67 pertsonek hartu dute parte, honako enpresa hauetakoek hain zuzen:

  • Iraurgi Berritzen
  • Landeta Burdin Lanak
  • Abelur
  • Artxara, koop.
  • Kimu Bat
  • Kulturaz Kooperatiba
  • Biele

Irabazleak 100€-ko saria irabazi du Azpeitiko Bertan merkatari elkartearen barruan dauden dendetan gastatzeko. Parte hartzaile guztien artean 50€ko beste sari bat ere zozketatu da, eta hori ere Bieleko langile batek irabazi du: Miren Plazaolak.

Jatorria, Katalunian

Jatorria Katalunian dauka Hizkuntzen Ginkana jokoak. Carme Junyent soziolinguistak egindako lan praktiko batean oinarritutakoa da, eta, besteak beste, helburu hauek ditu:

  • Hizkuntza-aniztasunari buruzko ezagutza ematea
  • Hizkuntza-aniztasunak daukan garrantzia erakustea
  • Hizkuntza guztiekiko errespetua bultzatzea
  • Hizkuntzak ikasteko motibazioa lantzea
  • Hizkuntzei buruzko bitxikeriak ezagutzeko aukera ematea

Carme Junynent soziolinguista katalana 2023an hil zen. Afrikako hizkuntzetan aditua zen, eta mehatxatutako hizkuntzetan espezializatu zen. Horrek lagundu zion, besteak beste, berehala jardun ezean katalanaren hizkuntza ordezkapenaren arriskuez ohartarazteko. Horretan saiatu zen, batez ere azken bi hamarkadetan, eta presentzia handia izan zuen hizkuntzaren inguruko eztabaida publikoan.