Oinezkoentzako zubi berria, Garmendin
2025/01/22
Azpeitiko Udalak gaur hasi ditu Garmendiko oinezkoentzako zubia aldatzeko lanak. Zaharkituta zegoenez, kendu egingo du orain arte zegoen altzairuzko zubia, eta berria jarriko du haren ordez. Lanek hilabete inguru irautea aurreikusten da.
Lehenik eta behin, zubi zaharra kenduko dute; ondoren, zimentuak berrituko dituzte, eta zubi berria jarri. Amaitzeko, inguruko urbanizazio lanak gauzatuko dituzte. Landeta Burdinlanak enpresak egingo du zubi berria.
Lanek irauten duten bitartean, segurtasuna bermatzeko, itxi egingo dute bidegorria zubiaren parean. Euskal Herria auzotik bideratuko dira oinezkoak nahiz bizikletaz doazenak. Uztaro haur eskolaren eraikinaren ondotik egongo da berriz ere bidegorrira jaisteko aukera.
