Itzulpen automatikoa / Machine translation

Ongietorria, Azpeitian erroldatu berri diren herritarrei

2024/11/29
Ongietorria, Azpeitian erroldatu berri diren herritarrei

Azpeitiko Udalak, lehen aldiz, ongietorri ekitaldi bat antolatu du Azpeitian erroldatu berri diren guztientzat. Gaur arratsaldean egin dute, udaletxean, eta Nagore Alkorta alkateak egin die harrera azpeitiar berriei. Abuztutik hona etorri diren guztiak gonbidatu dira, eta horietatik 40 inguruk parte hartu dute.


“Ez du erraza izan behar beste toki batean hutsetik hastea. Gaurko saio honekin, prozesu hori errazten lagundu nahi dizuegu”, esan die Alkortak, eta Azpeitiak beren bizi proiektuak garatzeko aukera emateko itxaropena agertu die.

Euskaraz izan da ekitaldia, Telegram bidezko itzulpenarekin. Euskarak Azpeitian duen garrantzia azalduz hasi du ongietorria Alkortak: “Euskara altxor handi bat guretzat. Horregatik, saiatzen gara ahalik eta gehien zaintzen. Bihotzez gomendatuko nizueke zuei ere euskara ikastea, ziur asko, gainera, euskaraz jakiteak Azpeitiko bizimodua ere asko erraztuko dizuelako”.

Jarraian, Azpeitian aurki ditzaketen zerbitzuei buruzko azalpenak eman dizkie: zer ikastetxe dauden herrian, non izaten diren ekitaldiak, zer kirol azpiegitura dauden, zer zerbitzu ematen dituzten Udaltzaingoak edo Gizarte Zerbitzuek…

Zerbitzuen gida, berrituta

Zerbitzuen gida bat ere banatu zaie ongietorrian izan diren guztiei. Aurrez ere bazuen halako argitalpen bat udalak, baina berritu egin du, eta bost hizkuntzatan argitaratu: euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa, euskara-arabiera eta euskara-urdua. Gidan, informazio praktikoa ematen da, hau da, herrian dauden baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa eta horien helbide eta telefonoak ageri dira.

Gaurko saioa esker onez jaso dute ongietorrira etorri direnek. Emun kooperatibaren aholkularitza izan du udalak prozesuan.