Organoaren hilabetea izango da urria
2024/10/01
Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa XXV. ediziora iritsi da. Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako udalek eta Fray Joseph de Echevarria organoaren adiskideen elkarteko kideek gaur goizean aurkeztu dute aurtengo egitaraua. Ostiralean hasiko da zikloa, Azpeitian, eta amaitu ere Azpeitian egingo da, urriaren 25ean, organo ikasleen kontzertuarekin.

Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak, Sonia Vazquez Azkoitiko Kultura zinegotziak, Rosa Narbaiza Bergarako Stoltz Freres elkarteko kideak eta Loreto Aramendi eta Itziar Urbieta Fray Joseph de Echevarria organoaren adiskideen elkarteko kideek eman dituzte azalpenak. Aurten ere hiru herri horietan izango dira emanaldiak; guztira, hamar.
Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren ibilbidea goraipatu du Larrañagak. “25. urteurren honetara iritsi bagara, zerbaitengatik da: ziklo honek lortu duelako bere publiko bat erakartzea eta urtez urte mantentzea”. Zikloaren nazioarteko izaera azpimarratu du Kultura batzordeburuak. “Gure herrietan nazioarteko jaialdiak ez dira hainbeste izaten. Hau da bat, eta goraipatzekoa dela esango nuke”.
Kontzertuetarako gonbidapena egin du, eta eskerrak eman dizkie Fray Joseph de Echevarria elkarteko kideei, “egiten duten lanagatik”. Era berean, Azpeitia, Azkoitiko eta Bergarako udalen arteko elkarlanaren balioa azpimarratu du. “Uste dut lankidetza horrek ematen diola beste plus bat zikloari”. Aurrera begira, zikloak ibilbide luzea izateko nahia agertu du, “organoen bizitza bermatzeko eta organistei bultzada bat emateko lagungarri izan dadin”.
Nazioartetik, “ilusioz”
Bide beretik hitz egin du Urbietak ere. Euskal Herriko organistek ez ezik, Italia, Austria, AEB eta Kataluniakoek ere parte hartuko dute. Organista entzutetsuak izan arren eta agenda bete-betea izan arren, “ilusio handiz” etorri ohi direla kontatu du. “Askotan ez gara jabetzen zer organo ditugun”.
Era askotako kontzertuak egiten saiatzen direla esan du Urbietak; horregatik, organoarekin batera, beste instrumentu batzuek ere parte hartzen dute. “Baina ez dugu ahaztu behar organo zikloa dela. Horregatik, beste musika tresna batzuekin laguntzen ditugun kontzertuetan ere, organistek joko dituzte piezak beraiek bakarrik”.
Aurten, hiru herrietan egun ezberdinetan izango dira kontzertuak: Azpeitikoak, ostiraletan, 19:30ean; Azkoitikoak, Amabirjinaren Jasokundearen Parrokian, 20:00etan, eta Bergarakoak, Santa Marina parrokian, 19:00etan.
Ikasleen emanaldia izango da azken kontzertua, urriaren 25ean. Azpeitiko eta Bergarako musika eskoletan dago gaur egun organoa ikasteko aukera. Azpeitiko bi ikasle eta Bergarako lau izango dira azken kontzertu horretan. “Urte osoan egiten duten lana plazarekin egun garrantzitsua da”.
Azpeitiko kontzertuak:
- Urriak 4: Christian Almada organista, Pietro Cernuto friscaletto/gaita eta Vincenso Isaia klarinetea.
- Urriak 11: Itziar Urbieta organista eta Iraia Bereziartua biolina.
- Urriak 18. Valentin Lukan organista.
- Urriak 25: organo ikasleak.
